EH Bilduk kezka agertu du aurrekontuaren atzerapenagatik
Ordiziako EH Bildu haserre agertu da beste behin ere, udal gobernuak aurrekontuari dagokionez emandako pausoekin. 2019rako proposamenaren inguruko xehetasunak prentsaren aurrean ostiralean aurkeztu bazituzten, bezperan, ostegunean aurkeztu zizkieten udala osatzen duten gainontzeko alderdiei. Hori horrela, «legegintzaldi osoan gertatu den bezala, aurten ere urtea onartutako aurrekonturik gabe hasi du Ordiziak», EH Bilduko ordezkariek adierazi dutenez, eta hori udal gobernuaren «arduragabekeria» dela salatu dute.
2016an aurrekontua aho batez onartzeko udal gobernuak oposizioari hitz emandako inbertsioak burutu gabe eta horren inguruko azalpenik eman gabe oraindik, beste behin ere «presaka eta korrika otsailaren 28an onartu nahi dute aurrekontua». Udalbatzak proposamena onartzen badu, hauek indarrean sartzeko prozedura beteta, martxoaren amaieran jarriko lirateke martxan.
Halako «atzerapena eta gero, orain arte igarotako hilabeteetan inolako informaziorik jaso gabe egon ostean, udal gobernuak 20 eguneko epea ematen digu oposizioari udaletxearen lan tresna garrantzitsuenaren inguruan azterketak, hausnakertak eta proposamenak egiteko». Eta horrek, egindako proposamena «bai ala bai onartzera behartu» nahi dituela leporatu diote udal gobernuari. Izan ere, gaia behar bezala lantzeko astirik izan ezean «atzerapena oposizioak eragin» duela entzun beharko dutela susmatzen dute. Ordiziako EH Bilduk, proposamena «aztertu eta gero» emendakinak aurkeztuko dituela nabarmendu du, batez ere «iaz egindako emendakinak orain euren ekimen bezala saldu nahian dabiltzala ikusita».
Manipulazioa salatu dute
Aurrekontuaren azaleko irakurketa eginda, udal gobernuak «titularrak puzteko eta informazioa manipulatzeko joera» duela salatu du EH Bilduk. Azken batean, 2019rako aurkeztutako inbertsioak hainbat urtetarako aurreikusten dira, ez dira 2019an egiteko. Horren adibide dira, EH BIlduren ustez, Majori kiroldegiko proiektua, eguneko zentrokoa, plan orokorrekoa eta Tximista-Mallutzekoa.