Legazpin hasi dira Guriditegiko zubiaren egitura indartzeko lanak
Aurreko irailean Brinkola auzoko bizilagunek zubia ikuskatzeko eskaera egin zioten udalari. Azpiko zubiaren egoera txarra ikusi eta urgentziazko prozedura abiatu zuten
Legazpiko udal gobernuak, aurreko irailean, aurrekontu parte hartzaileen dinamika martxan jarri zuenean, Brinkolako bizilagunen aldetik Guriditegiko zubia ikuskatzeko eskaera jaso zuen. Udal teknikari bat bertaratu zen eta zubiaren goiko aldea itxuraz egoera onean dagoela dirudien arren, azpitik eusten dion garai bateko zubiaren egoera txarra zela ondorioztatu zuen. Koldobike Olabide Gipuzkoako Urak erakundeko ordezkariekin bildu zen –zubiaren azpitik Urola erreka doa– eta zubia konpontzeko urgentziazko prozedura abiatu zuen. Atzo zubia konpontzeko lanak hasi ziren.
Izan ere, iraila erditik zubitik ezin izan dira 3.000 kilotik gorako kamioiak pasa, ezta Junetorri autobusa ere. Aitzitik, hainbat bizilagunek kamioi pisutsuak bertatik pasatzen ikusi dituzte noizean behin. Zubia Guriditegi auzoa eta handik urrunago dauden baserriak Brinkola auzoarekin lotzen dituen azpiegitura da; hortik, besteak beste, konponketa lanen premia.
Atzo hasitako lanek, udalak aurreikusitako epeen arabera, hiru asteko iraupena izango dute. Bizilagunentzat oinezko pasabide bat prestatu, eta lanen eremua hesitzea izan da lehenengo urratsa. Lanen materialak eta langileen etxolak non jarri erabaki dute, bide batez.
Zubitik pasatzen diren azpiegiturak zeintzuk diren aztertu behar dute eta haiek birmoldatu beharko dituzte lanei ekin aurretik. Zubiaren arkuaren azpian zurkaitz-kofratu bat jarriko dute haren egiturak gorabeherarik izan ez dezan eta errekara eraikuntza materialik eror ez dadin.
Ingeniaritza lana
Egun dagoen zubiaren hormigoizko lauza eraitsiko dute eta ondoren zubi muturretako lurra hondeatuko dute alboetako zubi-brankak egin, eta bertan egingo duten forjatu egituran sostengatu daitezen.
Jarraian ekingo diote forjatu egitura hori eraikitzeari. Bide-ardatzaren muturretan forjatu lana lotzeko egitura egingo dute eta erreka-ardatzaren muturretako forjatua hormigoizko dado batekin amaitu dute; dadoak uztai lana egiteko balioko du eta zubi azpitik doazen azpiegiturei bide emateko ere bai.
Arrapalak egin, kutxatila berriak jarri, zubia asfaltoz estali, hondatutako eremuak txukundu eta zubiaren alboetan segurtasun barandak ipiniko dituzte. Finean, aspaldiko zubiari errefortzua jartzeko ingeniaritza lana egingo dute.
Hori guztia datozen hiru asteetan egingo du Iparragirre Eraikuntza Lanak enpresak. Udalak lanek iraun bitartean sor daitezkeen eragozpenen gainean ohartarazi ditu bizilagunak.