Ordiziako gaztetxe zaharra botatzen ari dira
Aurrena medikuetxe eta 1986 eta 2012 urteen artean Ordiziako gaztetxe izandako eraikina botatzen ari dira. Hotela egingo dute haren tokian.
Urte askoz Ordiziako gaztetxe izandako eraikina botatzen ari dira hondeamakinak. Gaur goizeko 08:00ak aldera hasi dituzte lanak, eta eguerdi parterako eraikinaren zatirik handiena botata zegoen. Udalak iaz jakinarazi zuen gaztetxearen orubea saldu egin zutela, eta jabe berriek bertan hotela eraikitzeko asmoa zutela.
XX. mende hasierako eraikina da, eta gaztetxearen aurretik medikuetxea izan zen. Osasun zentroa tokiz aldatu eta gero, hutsik gelditu zen eraikina, eta 1986an hartu zuten herriko gazteek. 1986 eta 2012 urteen artean Ordiziako gaztetxearen eraikina izan zen. Egoera txarrean zegoela eta, hustu eta Milagrosako eraikinera aldatu ziren.
Harmarriaren balioa
Eraisteko lanekin hasi orduko, Gure Iragana elkarteko kideak bertara gerturatu dira, eraikinaren gainaldean zegoen harmarriaren balio historikoaz ohartarazteko. Zatirik handiena gorde dute, nahiz eta behekaldeko kainoiak eta danborra hondakinen artean galdu egin diren.