Udal gobernuak 15.280.620 euroko aurrekontua proposatu du 2019rako
Otsaileko ohiko udalbatzan 2019 urterako udal aurrekontua lantzea da asmoa. Kirol azpiegiturak hobetzera eta gizarte zerbitzuetara joango dira inbertsio nagusiak
Ordiziako udal gobernuak 2019rako aurrekontua aurkeztu zuen pasa den ostiralean prentsaurrean. 15.280.620,61 eurokoa da egin duten proposamena. Ordiziako etorkizuna «garatzen jarraitzeko behar diren aurrekontuak» direla esan zuen Jose Migel Santamaria alkateak. Berarekin batera, Iñaki Dubreuil eta Joxi Iturrioz zinegotziak egon ziren agerraldian. Proiektua pasa den ostegunean aurkeztu zieten oposizioko alderdiei, eta orain udalbatzatik pasa beharko da proposamena onartua izan dadin. Otsailaren 28ko ohiko batzarrean sartzea da asmoa.
Santamariak esandakoaren arabera, Ordizia «indartzen eta eraldatzen jarraitzea» da aurrekontu honekin duten helburua: «Jarduera ekonomikoa eta enplegua, gizarte zerbitzuak eta pertsonen ongizatea sustatzea eta azkenik, kaleak eta auzoak hobetuz Ordizia erosoagoa, atseginagoa eta dinamikoagoa egiteko inbertsioak burutzea lehenesten dira».
Lehentasunei dagokienez, azken lau urteotakoei eusten zaie: Lehenik, «udal antolaketa modernizatzea eta administrazio elektronikoa lortzea»; bigarrenik, «datozen 20 urteetarako lurralde politika diseinatzea»; hirugarrenik, «eskualdeko industria ehuna bultzatzea»; laugarrenik, «gizarte politika lehenstea»; eta, azkenik, «herritarrei entzutea».
Inbertsioen atala
Aurrekontu proposamen osoaren %23,24 da udal gobernuak inbertsioetara bideratu nahi duena. Atal hau osatzeko, herritarren parte hartze prozesuan ekarpenak egin dituzten 233 ordiziarren iritziak hartu dira kontutan.
Udal gobernuak proposatutako inbertsio garrantzitsuenak Majori kiroldegia berritzeko eta handitzeko, eta Altamirako belarra berritzeko 2.029.073 euroak dira. Horren ondoren, bigarren inbertsio proposamen handiena eguneko arreta zentroa-
rentzat 435.000 euro bideratzea da. Kiroldegia berritzea eta gizarte zerbitzuen hobekuntza dira beraz, 2019rako udal gobernuak proposatutako erronka nagusiak.
Beste hainbat inbertsio ere proposatu dituzte: Hiri garapenerako plan orokorrerako 156.090 euro; Tximistatik Mallutzera irisgarritasuna hobetzeko 203.355 euro; Urdaneta kalea urbanizatzeko 141.263,46 euro; Urdaneta ikastetxean hainbat hobenkuntza egiteko 162.428 euro eta tokiko merkataritza berrindartzeko 148.000 euro, besteak beste.