Urrezko ezteiak eta ospakizunak
Goierri kirol elkartearen saskibaloi sailak 50 urte beteko ditu. NBA mailako ospakizunak antolatu dituzte. Juan Antonio San Epifanio, Juanma Lopez Iturriaga eta Amaia Valdemoro gonbidatu dituzte, besteak beste.
Goierri kirol elkartearen saskibaloi sailak 50 urte beteko ditu 2019an eta ekitaldi sorta bikaina antolatu dute urteurrena ospatzeko. Urrezko ezteiek urrezko ospakizunak merezi dituzte.
Ekitaldiak joan zen ostegun iluntzean aurkeztu zituzten. Hasteko, lehen bi denboraldietako jokalariak Aldiri kiroldegian elkartu ziren. Bertan, argazkia atera zuten.
Handik, Urretxuko udaletxera joan ziren. Bertan, 50 urte hauetan guztietan taldetik pasa diren lehendakari, entrenatzaile eta jokalariak zituzten zain, agintariekin batera.
Mahaian Jon Luqui Urretxuko alkatea, Mikel Serrano Zumarragako alkatea, German Monge Euskadiko Saskibaloi Federazioko lehendakaria, Leire Aranburu Gipuzkoako Saskibaloi Federazioko lehendakaria, eta Xabier Chico kirol zuzendaria eseri ziren.
Azken honek eman zuen ekitaldien berri. Martxoaren 15ean klubaren historiari buruzko erakusketa irekiko dute. Taldearekin zerikusia duen materiala duten herritarrei beraien esku jartzeko eskatu zieten.
Apirilaren 5ean bi saskibaloi jokalari handirekin solasaldia egingo dute: Juanma Lopez Iturriaga bizkaitarrarekin eta Juan Antonio San Epifanio aragoiarrarekin.
Epik Bartzelonan jokatu zuen eta zazpi liga, hamar Kopa, bi Errekopa eta Korac kopa bat irabazi zituen. 239 aldiz jokatu zuen Espainiako selekzioarekin eta lau joko olinpikotan parte hartu zuen.
Iturriagak zazpi liga, hiru Kopa, bi Europako Kopa, Errekopa bat eta Korac kopa bat irabazi zituen Real Madril taldearekin. 90 aldiz jokatu zuen Espainiako selekzioarekin. San Epifanio eta Iturriaga Daniel Ibartzabal Goierriko jokalari ohiaren eskutik etorriko dira Urretxu-Zumarragara.
Derbi goierritarra, apirilean
Apirilaren 6an Goierriren eta Ordiziaren gizonezkoen lehen taldeek derbia jokatuko dute Aldiri kiroldegian.
Maiatzaren 1ean, berriz, Angel Jareñok ikastaroa emango du. Jareño Real Madrileko bigarren entrenatzailea izan zen urte luzetan eta egun 15 urtetik beherakoen Espainiako selekzioko bigarren entrenatzailea da. Jokalari gazteen formazioaz hitz egingo du. Goierrikoak ACBn eta Euroligan aritutako entrenatzaile bat ere ekartzeko lan egiten ari dira.
Maiatzaren 11n Goierriren gizonezkoen lehen taldeak lagunarteko partida jokatuko du. Maiatzeko ekitaldiekin bukatzeko, Amaia Valdemorok hitzaldi bat egingo du. Valdemorok WNBA ligako hiru eraztun irabazi ditu. Bere ama urretxuarra da eta Iñaki eta Mila Madariagaren eskutik etorriko da. Bere hitzaldiaren eguna oraindik ez dago zehaztuta.
Txapelketak
Ekainean bi txapelketa jokatuko dira: 14ean eta 15ean 3×3 txapelketa jokatuko dute eta 17tik 21era garai batean Gernikako Arbolan jokatzen zen txapelketa gogoratuko dute. Txapelketa honetan beteranoek parte hartuko dute.
Oporren ondoren beste hiru ekitaldi egongo dira. Irailaren 14an bideo-joko zaleek FIBA2K19 txapelketa jokatuko dute. Egun handia urriaren 12an izango da. Izan ere, Goierrik 1969ko urriaren 12an jokatu zeun lehen partida. Taldearen historiari buruzko liburua aurkeztuko dute eta ondoren bazkaria egingo dute. Bukatzeko, abenduaren 6, 7 eta 8an kadete eta haur mailako selekzio autonomikoen txapelketa jokatuko da Urretxuko Aldiri kiroldegian.