Auzoak «bizirik» mantentzea, Ordiziako EH Bilduren erronka
‘Ordizia barrutik hazi’ dinamika abiarazi zuen Ordiziako EH Bilduk azaroan, auzotarren ekarpenak jasotzeko. Gaur ekingo diote bigarren faseari kirolaren gaiaren lanketarekin
Ordiziako EH Bilduk Ordizia barrutik hazi dinamika abiarazi zuen iazko azaroaren 7an. Harrezkero, auzoz auzo, herritarren ekarpenak jaso dituzte eta auzotarren kezka nagusietako bat auzo bizitza bizirik mantentzea izan da. Dinamikaren lehenengo fasea eginda, bigarren faseari hasiera emango diotela jakinarazi dute aste honetan bertan.
Ordizia barrutik hazteko «bere baitan biltzen dituen auzoetatik hastea ezinbestekoa» dela uste dute EH Bilduko ordezkariek. Horregatik, sei auzoetan barrena ibili dira, azaroaren 7an aurkeztu zuten mapa erraldoiarekin, herritarrekin bilerak egin eta haien ekarpenak jasotzen. Orain, emaitza horiek jasota, bigarren urratsa egiteko moduan daude.
Auzoetatik «hamaika eskaera jaso ditugu», nabarmendu zuen Adur Ezenarro Ordiziako EH Bilduren alkategaiak prentsaurrean. Auzo bakoitzean konpondu beharreko arazoak arazo, guztiek adostu duten eskaera egin dute: «Auzo bizitzari eusteko lagundu diezaiegun eskatu digute Ordiziako auzo guztietan, eta hori da gure etorkizuneko erronka».
Arloz arlo hazi
Ordizia barrutik hazi dinamikaren bigarren faseari gaur bertan emango diote hasiera. Arloz arlo bilera deialdiak egin dituzte eta ondorengoa da egin duten plangintza: gaur, kirola izango da gaia; otsailaren 19an, euskara; otsailaren 21ean energia; otsailaren 25ean, merkataritza; martxoaren 1ean, feminismoa; martxoaren 5ean, hirigintza, ingurumena eta mugikortasuna; martxoaren 11n, hezkuntza; martxoaren 14an, kultura; eta martxoaren 21ean, ongizatea.
Bilera guztiak Barrena kultur etxean egingo dituzte 19:00etan, merkataritzari dagokiona izan ezik (15:00). Gainera, herriarentzat estrategikoak diren hiru gairen inguruan hitzaldiak ere antolatu dituzte. Hilero bat egingo dute nahiz eta oraindik informazio gehiago ez duten luzatu.