Ander Izagirrek Piriniotako errepideek ezkutatzen dituzten istorioak kontatuko ditu Legazpin
'Pirenaika' liburuan jaso zituen iaz bizikletaz egindako bidaian etapaz etapa jasotako kroniken bilduma
Ander Izagirre (Donostia, 1976) kazetariak eta idazleak istorioz betetako argazki emanaldia egingo du bihar Legazpiko Kultur Etxean, 19:30ean. Bizikletaz Donostiatik atera eta Pirinioak zeharkatuz Mediterraneo itsasora iritsi zeneko bidaian jasotako kronikak bildu zituen Pirenaika (GeoPlaneta, 2018) liburuan.
Izagirreren esanetan, «liburuan eta gaurko emanaldian egingo dudana ez da horrenbeste txirrindulari baten abenturak kontatzea, etapaz etapa jasotako kronikak dira non frankismoaren esklabo behartuek eraikitako errepideen, paraje haietako hartzen edota Frantziako Tourraren inguruko istorio ezezagunak jaso ditudan».
Hori da hain zuzen idazleak legazpiarrei emanaldira joan daitezen bota dien amua, «istorio ezezagun harrigarri samarrak kontatuko ditut eta akaso haietako batzuen berri izateko aukera edukiko dute legazpiarrek». Ikus-entzunezkoa baino argazkiekin lagundutako hitzaldia dela zehaztu du.