Bailarako palarien txapelketa kutuna hasi da, Goierriko Kopa
Amateur esparruko Goierriko Kopa pala txapelketari herenegun ekin zioten. Eskualdeko palari onenek jokatuko dute, beste behin, 9. ekitaldian. Olaberriko frontoian da, hasi eta buka.
Hamasei pilotari lehiatuko dira, binaka. Hiru fase izango ditu txapelketak: final-laurdenak herenegun, otsailaren 19an eta 26an (19:30ean hasita); finalaurrekoak martxoaren 5ean; eta finala martxoaren 17an.
Txapelketari hasiera emateko neurketan, herenegun, Otegi-Garridok 35 eta 29 irabazi zieten Luzuriaga-Letamendiri. Iaz txapeldun izan zen Garrido, orduan Gelbentzu lagun zuela.
Datorren asteartean bi neurketa izango dira: Arrieta-Olaran eta Irastortza-Andonegi aurrena (Otegi-Garrido dituzte zain horko irabazleek finalaurrekoan), Aranburu-Mendikoa eta Ibarguren II.a-Berasategi ondoren. Azken final-laurdena, 26an, Ibarguren I.a-Akortak eta Begiristain-Agirrek jokatuko dute.
Bi gazte, berritasunak
Hamasei palarien artetik, bi gazte dira berritasunak 2019ko Goierriko Kopan: Hodei Irastortza zaldibiarra eta Oier Alkorta azpeitiarra, «etorkizun handiko gazteak», antolatzaileen iritzian.
Goierriko Koparen palmaresean garaipen gehien Garridok ditu (hiru), ondoren Goñik eta Joseba Gutierrezek (bina).