Ibilbide azkarragoarekin dator XXI. Gabiria-Legazpi Rallysprint auto proba
Automobilismo denboraldiko lehenengo proba egingo dute igandean Gabiria eta Legazpi artean. 64 autok parte hartuko dute. Iazko irabazlea eta irabazleordea irteeran izango dira
Igandean jokatuko da, Gabiria eta Legazpi artean, denboraldiko lehenengo automobilismo proba. Gabiria-Legazpi Rallysprintaren XXI. ekitaldia izango da. Gabiriako Korta erretegitik aterako dira eta Atagoiti mendi gainetik behera joango dira autoak Legazpira, Motxorroraino. Errepidea asfaltatuta dago erabat eta Jon Etxeberria pilotu legazpiarrak trazatua «autobidea» modukoa izango dela esan zuen aurkezpenean. Nolanahi ere, trazatu aldaketak ibilbide zabalagoa izatea eragin du eta, horrenbestez, azkarragoa.
Aurkezpenean Jon Etxeberria eta Iker Arizti pilotu legazpiarrak egon ziren. Etxeberriak euria egin dezala eskatu zuen bitartean, Ariztik, euritako gurpil berriak dituen autoa eramango duen arren, euririk gabeko rallya nahiago duela esan zuen. Etxeberriak Mitsubishi EVO autoarekin egingo du proba eta Ariztik Cintroën C2 berriarekin. Euria egin edo ez egin, pozik agertu ziren biak rallysprintaren aurkezpenean.
Puntako pilotuak izango dira bertan. Guztira, 64 autok parte hartuko dute Gabiria eta Legazpi arteko errepidean. Bakar batek ez du 13. zenbakia eramango automobilismo probetako aspaldiko ohiturari eutsiz. Tartean iazko irabazlea (Enrike Barrenetxea) eta irabazleordea (Aingeru Castro) izango dira. Kopilotuen artean emakumezkoen presentzia gero eta handiagoa da, ez oraindik, ordea, pilotuen artean. Lagun Artea eskuderiako antolatzaileek Barrenetxea eta Castro faboritoen artean kokatu zituzten, baita Jokin Aiertza, Txus Jaio, Dabid Ardions, Jon Etxeberria eta Joseba Iraola ere.
Egiaztatze administratiboak eta teknikoak Legazpiko Euskal Herria plazan hasiko dira 09:00etan. Proba 15:00etan hasiko da kronometratutako zatian egin beharreko lehenengo igaroaldiarekin. Hurrengo igoerak 16:50ean eta 18:40ean aurreikusi dituzte; sariak 20:30ean.
Neurriak, ikusleen segurtasuna bermatzeko
Gabiriako Korta erretegitik Legazpira arteko rallysprintaren ibilbideak 6.650 metroko luzera izango du. Zaletu asko biltzen dituen proba izan ohi da eta antolatzaileek toki seguruetan koka daitezen eskatu diete, ahal dela toki altuetan. Leku arriskutsuenak zinta gorriz seinalatuko dituzte bertan inor jar ez dadin.
Bide batez, rallysprinta egin bitartean bidera ateratzea debekatuta dagoela gogoratu dute. Halaber, ikusleei nork bere zaborrak jaso ditzala eskatu diete.