Palestina Askatzeko Erakundeak esker oneko mezua bidali die CAFeko langileei
Jerusalemgo tranbia linearen lehiaketan parte ez hartzeko eskatu zion langile batzordeak CAFeko zuzendaritzari, lur okupatuetan egingo delako. Palestinarren ordezkariek esker ona agertu diete langileei.
Palestina Askatzeko Erakundeko Antolakuntzak esker oneko mezua bidali die CAFeko langileei, beraien “borrokari babesa” adierazteagatik eta “Jerusalem okupatuan” eraiki nahi duten tranbiaren proiektuan parte hartzeari uko egiteagatik. aeb Erekat PAEko Antolakuntza idazkari nagusiak sinatu du gutuna.
Erekaten ustez, CAFeko langileen jarrera “eredu da langile europar askorentzat” eta erakutsi duten “duintasun, irmotasun eta etika maila” goretsi ditu. Hala, palestinarrak “beti eskertuta” egongo direla dio, batez ere jakinda “zein zaila den halako erabakiak hartzea norberaren lan iturriari” eragiten diotenean.
Proiektua “legez kontrakoa” dela azaldu du PAEko ordezkariak, “Palestinako lurretan kolonoek modu esklusiboan” erabiliko dutelako. Horregatik, CAFeko langileek agertu duten “giza eskubideekiko eta nazioarteko zuzenbide humanitarioarekiko errespetua” goraipatu ditu.
Gutunaren edukia (euskaratuta):
CAFeko langileei.
Lagun maiteak,
Palestina Askatzeko Erapundearen (PAE) izenean eta nirean eskertu nahi dizuet gure borrokari eman diozuen babesa, Palestinako Estatuaren lurraldearen parte den Jerusalem okupatuan egitekoak diren lanetan parte hartzeari uko egitearekin.
Zuen ekintza eta ahalegina eredu da langile europar askorentzat, eta haiek ere zuek erakutsi duzuen duintasun, irmotasun eta etika maila bera izatea espero dugu.
Palestinarrok beti egongo gara eskertuta zuekin, ulertzen dugulako zein zaila den gisa honetako erabakiak hartzea norberaren lan iturriari eragiten dionean. Baina frogatu duzue beste edozeren gainetik giza eskubideak, nazioarteko zuzenbide humanitarioarekiko errespetua eta herrien eta langileen arteko elkartasuna daudela.
Benetan eskertzen dugu,
Saeb Erekat Palestina Askatzeko Erakundeko Antolakuntza idazkari nagusia eta PAEko Negoziazio burua.