«Polita, handia litzateke Erreginaren Kopako finalera iristea»
Erreginaren Kopako finala jokatzea du amets Realeko Ane Etxezarreta beasaindarrak. Igandean, jarraitzaileen babesarekin, Anoetan Sevillaren aurka jokatuko duten kanporaketa irabazi behar dute horretarako.
Bilboko Athletic taldearen aurkako igandeko Anoetako partidan gozatu ederra hartu ondoren, igandean, 16:30ean, beste egun gogoangarri bat biziko du Ane Etxezarreta (Beasain, 1995) Realeko jokalariak. Erreginaren Kopako finalerako txartela eskuratu nahi dute, Sevillaren aurkako partida irabazita.
Igandeko derbia 21.000 lagunetik gora elkartu ziren Anoetan. Nola gogoratzen duzu?
Ikaragarria izan zen, oso polita. Ikusleek gozatu zuten eta guretzat hori izan zen onena. Partida guztian animatzen aritu ziren. Kirol aldetik, lehenengo zatian kostatu egin zitzaigun gure jokoa egiten hastea, baina bigarren zatiaren hasieran gola sartu genuen eta hura izan zen partidako gakoa. Pena izan zen hirugarren gola ez sartzea. Nik uste dut merezi genuela.
Atsedenera 0-2 galtzen joanda, entrenatzaileak nola motibatzen zaituzte?
Entrenatzaileak gure nortasuna ateratzea nahi zuen. Athleticen kontrako partidetan gertatzen zaigu, nortasun falta horrengatik jan egiten gaituztela. Alde horretatik motibatzen aritu zen, egindako akatsak zuzentzen… Irabaztera atera ginen eta gure izaera atera genuen.
Aurreko astea berezia izan zen derbia zela eta. Oraingoa ere berezia da, igandean, 16:30ean, Erreginaren Kopako finalerdia jokatuko duzue Anoetan, Sevillaren aurka. Zozketan zortea alde izan duzue. Finalera iristeko aukera daukazue.
Sevilla talde gogorra da, baina egia da, Barçak eta Atletico de Madridek daukaten kalitatearekin alderatuta, Sevilla eta gu beheraxeago gaudela. Alde horretatik, oso pozik gaude Sevilla egokitu zaigulako.
Atletico de Madrid edo Bartzelona izango zenukete aurkari. Beste maila bat al dute horiek?
Bai, bi talde horiek gainetik daudenak dira. Oraingoz behintzat, bai. Pixkanaka maila hobetzen ari gara, baina bi talde horiek koska bat gorago daude.
Igandean ere, garrantzitsua izango da ikusleen laguntza.
Jendea gustura atera zen derbitik eta uste baino gehiago kateatu dugu jendea. Jende gehiago etortzea espero dut eta igandekoa baino politagoa izatea.
Politagoa izango da finalerako txartela lortuta.
Hori da.
Finalerako txartela lortuta, klub bezala, Realak jokatuko duen aspaldiko finala izango da.
Guretzat bigarren finalerdia da. Eta mutilek Errege Kopako finala jokatu zutela urte asko dira, ni jaio gabe nengoen. 1988an izan zen.
«Errekonozimendua eskatzen
dugu, baldintza egokiak
eta normalak izatea»
«Zubietan gustura gaude,
baina Antoetan jokatzea
baino hoberik ez dago»
Finala jokatzea garrantzitsua izango da Euskal Herriko eta Gipuzkoako emakumeen futbolarentzat.
Oso garrantzitsua izango da, bai Realarentzako eta bai Gipuzkoarentzako, eta batez ere atzetik datozen jokalarientzat. Reala lehenengo aldiz finalean sartu ahal izate horrek plus handi bat ematen dio bai klubari bai inguruko taldeei.
Azkeneko asteetan emakumezkoen futbolak urrats bat egin du gora? Inflexio puntu bat izan da?
Nik uste dut baietz, eta ez bakarrik Euskal Herrian, Espainia mailan ere bai. Egia da oso momentu puntualetan izaten direla partidak zelai handietan. Datorren igandean bigarren aldiz jokatuko dugu Anoetan eta ez dakit Espainiako beste talderen batek bi aldiz jokatuko zuen zelai handian. Egia da, Espainia mailan inflexio puntu hori ematen ari dela. Eta nik uste dut hori aprobetxatu behar dugula, lana egin beharra baitago. Lan asko dago egiteko.
Normalean Zubietan jokatzen duzue. Etxeko partida guztiak Anoetan jokatzea izango al litzateke helburua?
Polita ez, izugarria izango litzateke hori guretzat. Zubietan oso gustura gaude, eta gerturatzen den jendea, benetan gustatzen zaielako joaten da. Baina Zubietara gerturatzea ez da hain erraza. Alde horretatik gustura gaude, baina Anoetan jokatzea baino hoberik ez dago. Indarra emango liguke, baina hori pixkanaka joan beharko da. Hedabideek guri garrantzia ematen badigute, horrekin ere asko lor daiteke.
Urruti ikusten duzue?
Ez da erraza, gainera ez dago gure esku.
Gizonezkoen futbolaren inguruan sortzen den guzti horretatik urruti dago emakumezkoen finala.
Bai, eta guk beti esaten dugu ez dugula puntu horretara iritsi nahi. Guk eskatzen duguna errekonozimendu berdina izatea da, eta baldintza egokiak eta normalak izatea. Baina mutilen inguruan dagoen guztia gehiegi iruditzen zait niri, ez dugu hori bilatzen.
Profesionalak zarete?
Profesionalak gara, baina mutilekin alderatuta sekulako diferentzia dago.
Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko soldata arrakalaz asko hitz egiten da.
Futbolean izango da diferentziarik handiena. Ez dakit norbaitek kobratzen duen mutilek kobratzen duten adina.
Atzetik datozen jokalarientzat, Goierri Gorriko neskentzat eredua izango zara.
Gogoratzen naiz txikitan saiatzen nintzela erreferente batzuk edukitzen, eta pentsatzen jartzen zara eta ume txiki horientzat, ni Beasaingoa izanda, errazagoa da beraiek erreferentziak izatea. Ume askorentzat motibazioa izango da.
Zer iruditzen zaizu Goierri Gorri proiektua?
Oso interesgarria. Talde asko atera dituzte eta eskailera osoa osatu da. Nik Beasainen jokatzen nuenean, udaro taldera norbait gehiago etorriko ote zen zain egoten ginen, taldea osatu ahal izateko. Azkeneko momentura arte ez genuen jakiten jokatuko genuen ala ez. Goierri Gorrik egin duen apustuaren ondorioz, futbolari eman dion bultzada izugarria izan da. Hedabideetan gehiago ateratzen hasi gara eta erreferentzia gehiago dauzkate eta horri esker, mutiletan bezala, neskak, orain, gero eta errazago sartuko dira futbolean.
Realera iristea ametsa betetzea izango zen. Zein da hurrengo ametsa?
Gozatzea, ahalik eta gehiena jokatzea, horretarako lana egitea, eta gertu daukagun aukera polit bat lortzea: Erregina Kopako finalera iristea. Hori lortzea oso polita, oso handia litzateke.
Beasaindik Oiartzunera eta Realera
Beasainen sei urtean futbolean aritu ondoren, 17 urte zituela, Bigarren Mailako Oiartzun taldera joateko aukera izan zuen Ane Etxezarretak. Bi denboraldi egin zituen eta bigarrengoan, Lehenengo Mailara igotzea lortu zuten. Orduan Realaren eskaintza jaso, eta «kostata», baina azkenean Realaren aldeko apustua egin zuen: «Erabakia zaila izan zen. Oiartzunen oso-oso gustura egon nintzen eta lehenengo mailara igota, erabaki zaila izan zen. Baina Reala, Reala da, eta azkeneko momentuan, Realera joatea erabaki nuen eta uste dut apustu ona egin nuela».