Zaldibian gazte belaunaldi ugariren testigantzak aditu ahalko dira Bulkada festan
Ezker abertzaleko gazte taldeen mugimenduaren 40. urteurrena bihar ospatuko dute .Garai bakoitzekoek haien berri emango dute, solasaldian .Eranskailu erakusketa jarri dute, Joxepanen
Zaldibian herri mailako Bulkada Eguna ospatuko dute, bihar. Ezker abertzaleko gazte mugimenduak 40 urte bete dituela eta, lau hamarkadan Zaldibian izan diren taldeak, ekimenak eta belaunaldiak elkartuko dira. Bestetik, Gazte Topagunerako deia ere zabalduko dute. Apirilaren 19tik 21era Leioan (Bizkaia) egingo da, Askatasun bulkadak independentziara lelopean.
Gazte antolakundea Zaldibian izenburudun solasaldiarekin hasiko da egitaraua, bihar 18:30ean. Joxepanen burutuko dituzte ekitaldiak. Gazte belaunaldi desberdinen esperientzia, arazoak eta aurre egiteko moduak elkarbanatuko dituzte, hizketaldi irekian. Zaldibiarrek parte hartuko dute.
Garaien azterketa
Garai askotako eranskailuekin erakusketatxo bat ere jarrita dago, Joxepanen. Juanjo Arrieta bildumagile segurarraren funtsetatik hartutako irudiak dira.
Solasaldiaren ondoren, triki-poteoa egingo dute, herrian barrena, zaldibiar trikitilariekin. Azkenik, 21:30ean, lagunarteko afaria dute. 60 bat lagun elkartuko dira, Joxepanen.
Gaur egungo gazte antolaketaren egoera ere aztertuko dute. «Orain ere jendea badabil, baina sare sozialetatik gehiago, kalean gutxixeago. Erabat aisialdira jarrita dago. Lehen garai gogorrak ziren, baina orain zailak. Errepresioak segitzen du eta», diote.