‘Dealer’-ak irrati uhinetatik rock&rolla zabaltzen
Infernuan elkartuko garela agintzen du John Dealer and The Coconuts musika taldearen bigarren diskoak. Infernuan ez, irratiko uhinetan elkartu dira legazpiarrak hazten ari den publikoarekin.
Irratiaren Nazioarteko Eguna izan zen herenegun, eta irratien uhinetatik zabaldu zen John Dealer and The Coconuts talde legazpiarraren punk ukituak dituen rock&roll-a. Euskadi Irratiko Arratsean saioan izan ziren Noel Calvo (gitarra eta ahotsa) eta Iñaki Ormazabal (bateria) Arantxa Iturberekin solasean.
Aurreko udaberrian kaleratu zuten We will meet together in hell (Infernuan elkartuko gara) bigarren diskoa eta hura besapean joan ziren irratira. Herenegun Euskadi Irratian eta aurreko astean Gaztea irratian ere egon ziren. Noel Calvok adierazi bezala ari dira euren musika «poliki-poliki» zabaltzen.
Irratiena bide horretan jarritako beste mugarri bat baino ez da. Izan ere, bigarren diskoaren aurkezpena kontzertuz kontzertu egiten ari dira. Hurrengo emanaldia Goierrin bertan egingo dute martxoaren 9an Gabiriako Gazte Egunean.
Diskoak «nahiko harrera ona» izan duela azaldu du Calvok. Kontzertuetan bertan saltzen ari dira. «Bigarren lan honetan soinu aldetik hobekuntza egon da, profesionalagoa da, helduagoa nonbait. Finean, gure musika landuagoa da», erantsi du.
Kontzertuak atera daitezen «asko mugitu beharra» dagoela dio eta horretan ari dira buru-belarri. Esku artean duten diskoari ahalik eta etekin gehiena atera nahi diote. Gero, udazkenean litekeena da disko berri batean lanean hastea.