Idiazabalgo udal aurrekontua 3.748.634 eurokoa izango da, iazkoa baino %8,9 handiagoa
Aurrekontuak Izal Bai taldearen 6 aldeko bozka jaso ditu eta EH Bilduren aurkako 3. Inbertsio nagusia, 100.000 eurokoa, Eduardo Irizar kalea berrurbanizatzeko izango da.
Idiazabalgo udal ordezkariek 2019rako aurrekontua onartu dute. 3.748.634,50 euro kudeatuko dituzte aurten, 2018an baino %8,9 gehiago. Igoera hori bi arrazoi nagusirengatik izan da: Foru Funtsaren igoera, eta Musika Eskolaren kudeaketa berriak diru ekarpen berriak dituelako. Aurrekontua,Izal Bairen aldeko bozkekin (6) atera da aurrera. EH Bilduk kontra bozkatu zuen (3).
Gizarte arloa kudeatzeko bideratuko du Idiazabalgo Udalak diru partida handiena. Aurrekontuaren %18,49. Eguneko zentroa, gizarte arloko laguntzak eta etxebizitza tutelatua sartzen diru atal horretan, besteak beste.
Zerbitzuak eta brigada atala dago bigarren tokian. Aurrekontuaren %18,14 bideratuko dute: brigadako langilegoa, kale garbiketa eta lorazaintzako gastuak; kaleko konponketak; eta zabor bilketa eta tratamendua sartzen dira partida horretan, beste gauza batzuen artean.
Kultura, euskara eta gazteria atalak aurrekontuaren %16,91 eramango du. Udal Musika Eskola, aisialdiko udal zerbitzuak, festak, kultur ikastaroak eta kultur eta euskara diru lagunatzak kudetzeko izango da, besteak beste.
Idazkaritza eta administrazioa atalak %12,05 jasoko du. Ekonomia garapenerako, berriz, %11,74a izango da. Partida horren erdia baino gehiago lehen sektorera bideratuko dute, udal gobernuaren ustez «ahulena eta estrategikoa den sektorea». Mendiko inbertsioak, makina erosketan laguntzea, Baserritarren eguna, Euskal Gaztaren Azoka, merkataritza eta ostalaritzako laguntzak, Goiekiko ekarpenak eta bestelakoak sartzen dira atal honetan.
Hezkuntzari %7,53 emango diote. Eskola eta haur eskolaren mantentze eta garbiketarako eta hezkuntza arloko diru laguntzentzat izango da.
Kirolak %6,23 eramango du. Ikastaroak, igerilekua, instalakuntzen mantentzea eta futbol zelaiaren belarra aldatzea izango dira egingo dituzten ekintzak.
Aurrekontuaren %6a hirigintzarako eta obratarako izango da. Eduardo Irizar kalearen egokitzapena eta hiriguneko partzela baten erosketarako izango da, besteak beste. Eta azkenik, %2,92, gobernantzarako eta komunikazioarako izango da.
EH Bildu kontra agertu da
Idiazabalgo EH Bildu 2019rako udal gobernuak egindako aurrekontuarekin ez da batere ados agertu. Batetik, «herritarren ekarpenak kontuan hartu ez dituztelako, alkatearen soldata partida %47 igoko delako, eta euskara, gazteria, kirol taldeak eta beste hainbat arlo garrantzitsutan diru kopuruek behera egin dutelako». Gainera, «Izal Baik hauteskunde programan aurkeztutako inbertsio plana ez» duelako betebete, eta azkenik, «herrian estalpea egiteko edo Idiazabal Lagunkoia planerako partidarik ez delako bideratu», besteak beste.