Joxemari Ormazabal izango da EH Bilduren Lazkaoko alkategaia
Lazkaoko EH Bilduk atzo aurkeztu zuen maiatzaren 26ko udal hauteskundetako zerrendaburua. Joxemari Ormazabal Sukia irakaslea (Lazkao, 1963) izango da alkategai, batzarrean atzo bertan oniritzia jaso ostean.
Maizpide euskaltegian euskara irakasle da lanbidez Ormazabal, Lazkaoko euskalgintzako eta herrigintzako ekimen ugaritan partaide. Euskal Kulturaren Transmisio graduondoa eta Komunikazio gradua ditu, Elhuyar Aholkularitzan eta Maizpiden garatu du ibilbide profesionala.
«Pertsona atsegin eta gertuko» gisa aurkeztu du koalizioak alkategaia, prentsa-oharrean: «EH Bilduren zerrendaburua izateko indar betean dator, gure herriari ikuspegi eta lan egiteko era berri bat eskaintzera».
Ormazabalek «etorkizuneko Lazkaoren alde lan egiteko konpromisoa» agindu du: «Hitz ematen dizuet ahalegin guztia egingo dudala ibilbide berrian lazkaotarrak hobeto, erosoago, merkeago, berdinago, euskaldunago —hitz batean, zoriontsuago—, bizi daitezen». Lantaldeak eratu eta ekarpenak horietan jasoko ditu orain EH Bilduk.