Zozomikote, Ordiziako kaleetan barrabaskeriak egiteko prest
Otsailaren 18tik 23ra arte ospatuko dituzte Ordizian Kaldereroak. Bost egunetarako egitarau bete-betea antolatu dute. Egun handiena datorren larunbata izango da, otsailaren 23a
Otsailarekin batera Kaldereroak ospatuko dituzte Ordizian eta Zozomikotea pertsonaia bihurria, Hartza eta Lamia, Ordiziako kaleak hartzeko prest daude. Egitarau bete-betea antolatu dute beste behin ere. Otsailaren 18an hasiko da aurten kaldereroen festa eta otsailaren 23ra arte luzatuko da. Aste honetan bertan, prentsaurrean aurkeztu dute egun horietarako antolatutako guztia.
Azkeneko urteetan, inauterien atarian ospatu ohi duten kaldereroen festa berreskuratzeko lanean ari dira Ordizian. Kaldereroen Elkartea sortu nahian dabil herritar talde bat. Haiek, herriko beste talde eragileren eta udalaren laguntzarekin, antolatu dute aurtengo egitaraua.
Bost eguneko festa
Datorren otsailaren 18an, astelehenean hasiko da kaldereroen festa. Ordizian elkarteak antolatuta, Dendaz denda Zozomikotearen bila egingo dute. Hurrengo egunean, Zozomipoteoa egingo dute auzoetan, 18:30etik aurrera. Asteazkenean, otsailaren 20an, herriguneko tabernetan egingo dute Zozomipoteoa, 19:00etatik aurrera.
Osteguna, atsedenerako eguna izango da eta ostiralean helduko diote berriro ere festari. Egun horretan, Zozomikotea ipuinaren kontaketa egingo dute Mertxe Aizpuruk eta Erramun Amondarainek. D’elikatuzen egingo dute, 17:15ean hasita. Publiko guztientzako dago zuzendua eta bertaratzen diren haurrak kontaketarenn parte izango dira.
Egun handia, larunbata
Larunbata, otsailaren 23a izango da egun handia. Egun horretan, festa ez da Ordizian bakarrik izango, Itsasondon ere egingo baitute Ijitoen eguna. Ordizian egun osoko festa antolatu dute. 12:00etan, kalejirari emango diote hasiera. Musika Eskolako banda txikiak eta Azen erraldoi konpartsak parte hartuko dute. Nikolas Lekuonatik aterako dira eta herriko kaleak zeharkatu ondoren Plaza Nagusian bukatuko dute ibilaldia. 13:00etatik aurrera, Umore Ona abesbatza, Laguntasuna errondaila, Antton Imaz eta Joxi Iturrioz batuko dira kalejirara.
Arratsaldean, Zozomikoteren kanpamendua zabalduko dute gerturatzen den ororentzat. Bertan, barrabaskeriak egitea hain atsegin duen pertsonaia ezagutzeko eta berarekin argazkiak atertzeko aukera egongo da. Plaza Nagusian izango da hori, 16:30eatik aurrera.
Txupinazoa, 18:00etan botako dute, Nikolas Lekuona Plazan eta Zozomikote txikiak pregoia esango du, Urrup antzerki taldearen laguntzarekin. Ondoren, txikiek eta helduek batera egingo dute kalejira.
Bukaerako erretreta Plaza Nagusian izango da eta Urrupekoek Zozomikotearen ikuskizuna egingo dute. Festari amaiera emateko, PlazaMnagusian Zozomipoteoa egingo dute: Idiazabal gazta eta sagardoa helduentzat eta txokolatea eta pastak umeentzat.