Naiara Peñagarikano gabiriarra txapeldun Gipuzkoako Binakako Bola Txapelketan
Rosa Santos hernaniarra izan du bikotekide. Gizonezkoetan, Pedro eta Xabier Lazkano aita-seme donostiarrek irabazi dute

Gipuzkoako Binakako Bola Txapelketaren finalak jokatu dira gaur goizean Zeraingo Antonio Alustiza bolatokian. Jokoan zeuden lau txapeletatik –bikote irabazleko bina– bakarra geratu da Goierrin, eta Naiara Peñagarikano gabiriarrarentzat izan da. Peñagarikanok Rosa Santos hernaniarrarekin osatu du bikotea. Finalean Amasa-Villabonako Ane Etxebestek eta Naroa Arretxek osatutako bikote gazteari gailendu zaizkie. Gizonezkoetan, berriz, Pedro eta Xabier Lazkano aita-seme donostiarrak, Ategorrietakoak, izan dira finalean birla gehien bota dituztenak. Bigarren Urnietako Martin Lizeaga eta Benito Loitegi sailkatu dira.
Goizean, 08:30ean, egin dituzte tiraldien zozketak, eta 09:00etan hasi dira jokoan. Aurreko hiru igandeetan jokatu diren sailkatze faseen ondoren, gizonezkoetan 10 bikote iritsi dira finalera –Nikolas Igartzabal eta Iñaki Maiz gabiarrak, Xepeiño eta Martzelino Agirre segurarrak eta Iker Etxezarreta eta Juan Ramon Aramendi gabiriarrak– eta emakumezkoen 4 –tartean goierritar bakarra, Naiara Peñagarikano–. Kanporaketen ondoren, eguerdirako minutu gutxi batzuk falta zirela jokatu dira finalak.
Gaurko binakakoaren sari banaketaren ondoren, Lasarte-Orian jokatu zen Gipuzkoako Taldekako Bola Txapelketaren garaikurrak ere banatu dituzte. Emakumezkoetan Zeraingo taldeak irabazi zuen, eta gizonezkoetan Urnietakoak.
GAURKO SAILKAPENAK
Emakumezkoetan
- Naiara Pegañarikano (Gabiria)-Rosa Santos (Hernani). 64 birla (47+17 finalean)
- Ane Etxebeste-Naroa Arretxe (Amasa-Villabona). 51 birla (28+23 finalean)
- Ane Agirre-Jasone Erkizia (Amasa Villabona-Zizurkil)
- Aitziber Ugalde-Beatriz Unzue (Zarautz)
Gizonezkoetan
- Xabier Lazkano-Pedro Lazkano (Donostia). 90 birla (41+49 finalean)
- Martin Lizeaga-Benito Loitegi (Urnieta). 81 birla (48+33 finalean)
- Enrike Lopetegi-Jesus Morales (Zarautz-Usurbil)
- Iker Etxezarreta-Juan Ramon Aramendi (Gabiria)

Gizonezkoen finaleko tiraldiko irudia. Arg.: I. Gurrutxaga

Naiara Peñagarikano bola botatzen. Arg.: I.Gurrutxaga

Emakumezkoen tiraldia finalean. Arg.: I. Gurrutxaga

Gizonezkoetako bi bikote finalistak. Arg.: I. Gurrutxaga

Zerainen lehiatu diren emakumezkoen lau bikoteak. Arg.: I. Gurrutxaga

Zeraingo emakumezko tiralari taldea, Lasarte-Orian irabazitako taldekako garaikurra jasotzen, etxeko bolatokian. Arg.: I. Gurrutxaga