Aingeru Castro eta Alaitz Urkiola, Gabiria-Legazpi rallyesprint azkarrenean irabazle
Barrenetxea-Arando eta Onandia izan dira bigarren; akats batek eragotzi die jarraiko laugarren txapela janztea. Bi zatitan azkarrenak izan dira, probako errekorra jarriz. Hirugarren, Ardions eta Agirre. Ruben Zabaleta eta Maialen Izagirre goierritarrak 5.
Euskal Herriko lehenengo automobilismo lasterketak aurreneko ezustekoa utzi du. Aingeru Castrok eta Alaitz Urkiolak (BMW M3) irabazi dute 21. Gabiria-Legazpi Rallyesprinta, sailkapen nagusian guztizko denbora onena lortuta: 12:35,437 minutu. Errepidea zabaldu izanak, abiadura handitzea eragin du rallyesprintean.
Enrique Barrenetxea-Arando eta Anartz Onandia bizkaitarrek (Mitsubishi Lancer Evo IX) egin dute bigarren. Esku-eskura izan dute Gabirian laugarren aldiz segidan irabaztea: lasterketako zatiko denbora-marka jarri dute (azken zatia 4:06,588 minutuan egin dute) eta lehenengo eta hirugarren erlojupekoetan nagusi izan dira. Baina, bigarren zatiaren hasieran, zibarena egin, eta segundo garrantzitsuak galdu dituzte.
Bukaeran, 2,7 segundoren aldearekin, Castro eta Urkiola garaile. David Ardions-Josu Agirre oñatiarrek lortu dute 2. erlojupean denbora onena (4:12,441), eta hirugarren koskara igo dira podiumean. 62 auto irten ziren, atzo, rallyesprintean; 46k bukatu zuten.
Lasterketa bikaina eginda, Ruben Zabaleta zegamarra eta Maialen Izagirre lazkaotarra sailkapen nagusian 5. postuan izan dira. Mitsubishi eta BMW auto handien artean, merituzko postua lortu dute Peugeot 206 RC-arekin. 4:21,7; 4:19,7 eta 4:21,6 denborekin, gidaritza borobila ondu dute, hiru pasaerak berdin-berdin iltzatuz.
Xabat Goikoetxea eta Mikel Aranburu lehengusu aztiriarren lana ere goraipatzekoa izan da. 7. bukatu dute, Renault Clio Sport autoarekin, irabazleengandik 32 segundora soilik.
Sailkapena. 21. Gabiria-Legazpi Rallyesprinta (2019-2-17)
1. Aingeru Castro – Alaitz Urkiola (BMW M3). 12:35,437
2.Enrique Barrenetxea-Arando – Anartz Onandia (Mitsubishi Lancer Evo IX). 12:38,205
3. David Ardions – Josu Agirre (Mitsubishi Lancer Evo IX). 12:41,575
4. Jokin Aiertza – Joseba Bikendi (Mitsubishi Lancer Evo IX). 12:54,206
5. Ruben Zabaleta – Maialen Izagirre (Peugeot 206 RC). 13:03,119
6. Joseba Lasa – Maitane Martiarena (BMW M3). 13:06,064
7. Xabat Goikoetxea – Mikel Aranburu (Renault Clio Sport). 13:07,347
FL. Iker Zinkunegi – Aratz Aizpuru (BMW 325i). 13:09,089
8. Aitor Baltasar – Ainara Fernandez (Peugeot 205 GTI). 13:11,690
9. Aitor Saizar – Gorka Aginaga (Renault Clio Sport). 13:12,897
10. Gurutz Agirretxe – Hodei Intxausti (BMW M3). 13:17,533