Jon Olano 'Olarius' gogoratzeko festa egingo dute martxoaren 10ean
Musikak bizi zuen Jon Olano Olarius beasaindarra, eta musikaz betetako egitarauarekin gogoratu nahi dute. Asmo horrekin, ekitaldi ugari antolatu dituzte haren lagunek Beasainen, martxoaren 10erako eta 14rako.
Egun handia, martxoaren 10a izango da. Igande eguerdian hasita, poteo musikatua egingo dute, eta bitartean, murala margotuko dute Zaldizurreta kalean. Ondoren, bazkaria izango da, plaza azpian; txartelak Antzizar eta Irizar tabernetan daude salgai. Eta iluntzean, omenaldia eta Señor No taldearen kontzertua izango dira, gaztetxean.
Martxoaren 14an, berriz, musikarekin lotutako film bat eskainiko dute, Goieniz zineklubak antolatuta. Lou, dantzan jo ta ke, oinak lehertu arte dokumentalak Lourdes Lou Olangua, Los Humedecidos, OK Korral eta Las Lagartas taldeetako abeslariaren bizitza kontatzen du. Emanaldia 21:00etan izango da, Usurbe antzokian.