Euskal Herriko txapelketan ari diren Oiangu elkarteko bikote guztiek irabazi dute asteburuan.
Asteburu borobila osatu dute Oianguko pilotariek. Jokatutako partida guztiak irabazi dituzte. Goierriko taldeak bizi duen une gozoaren adierazle da. Izan ere, punta-puntako maila ematen ari dira Euskal Herriko txapelketan, baita Gipuzkoan jokatzen den Udaberri txapelketan ere.
Euskal Herrikoan, finalaurrekoetan dira Beñat Ibarguren eta Zuhaitz Letamendia Ohorezko Mailan, pala motzean. Ligaxkako orain arteko hiru partidak irabazi dituzte eta ziurtatuta dute bigarren postua. Gelditzen zaizkien bi jardunaldietan lehenengo sailkatzen ahaleginduko dira. Maila gorenean, baina paleta larruz, irabazitako bost partida eta galdutako bakarra dituzte Aitor Luzuriagak eta Azeari Andonegik.
EH Ligan, maila bikaina erakutsi dute Xabier Ibargurenek eta Imanol Olaranek, pala motzean. Seitik sei irabazi dituzte eta sailkapenaren buruan dira. Horiek ere ziurtatuta dute finalerdietarako txartela. Maila berean, baina paleta larruz, Garikoitz Arrietak eta Martin Mendikoak ez dute sailkatzea ziurtatu oraindik, baina helburua lortzeko urrats garrantzitsua egin dute asteburuan Sopelako Kurene taldeko bikoteari 35-32 irabazita. Aurkari zuzena gailendu dute, eta, hurrengo neurketa irabaziz gero, barruan izango dira.
Euskal Herriko txapelketan ari diren bikote guztiek irabazi dituzte joan den asteburuko neurketak. Eta Oianguren une gozoak badu isla Udaberri txapelketan ere. Iñaki Aranburuk eta Aitor Otegik finalerako sailkatzea lortu dute, Gaztelekuri (Andoain) 35-23 irabazita. Taldeko lehen postuan sailkatuko dira. Bigarren lekuan sailkatuko da Oianguko beste bikote bat. Hodei Irastorzak eta Oier Alkortak finalerdietan neurtuko dituzte indarrak Euskal Jolaseko (Deba)
bikotearen kontra. Nabarmentzekoa da Alkorta gazteak (18 urte) lehen txapelketa duela paleta larruz, eta oso maila ona ematen ari dela.