Adineko egoitzetan 19 eguneko greba deitu du ELAk, gaur hasita
«Sektoreko bi patronalekin lortutako aurreakordioari foru aldundiak ezetz esatea» salatu du ELAk . LAB sindikatuak, berriz, hilaren 25erako eta 26rako egin du greba deialdia
ELA sindikatuak deituta, Gipuzkoako adineko egoitzetako eta eguneko zentroetako 5.000 langiletik gora beste 19 eguneko grebara deituta daude –aurretik beste 16 egun eginak dituzte–, lan hitzarmen duinaren alde eta emakumeen diskriminazioaren aurka. Ildo horretan, ELA sindikatuak lan gatazka konpontzeko «Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunen borondaterik eza» salatu du, «5.000tik gora gipuzkoar langileen baldintzak are gehiago gogortzearen aldeko apustua eginez». ELAren esanetan, sektoreko bi patronaletako zuzendaritzek – ordezkaritzaren %50etik gora dutenak– aurreakordioa lortua bazuten ere, «foru aldundiak eskuetan zituen tresna guztiak erabili ditu aurreakordioa lehertarazteko».
Era horretan, ELAk ondorengo galderak egiten ditu: «Aldundi horrek ez al ditu markak hautsi diru bilketan Gipuzkoako langileen ekarpenei esker? Eta ezin du 35 milioi inguruko aurrekontu partida bat bideratu sektore hau duintzera? Ez al da, bada, garrantzitsua gure senitarteen, gure nagusien azken urteak kalitatezkoak izatea, eta zaintzaile dituzten langileen lan baldintzak duinak izatea?».
Aurreakordioa patronalarekin
Sindikatu abertzaleak gogoratu duenez, gaur egun Gipuzkoan ez dago zahar egoitzetan sektorearen hitzarmenik, «patronalak eta foru aldundiak hitzarmen probintziala suntsitu baitzuten 2009an eta Estatuko hitzarmenaren aldeko apustua egin». Hitzarmen horretan, «soldata garbia 800 eurokoa zen, «goizez, arratsaldez eta gauez urteko egun guztietan, asteburuetan ere bai, lan egitearen truke».
Orain, sektoreko bi patronaletako zuzendaritzekin lortutako aurreakordioan herrialdeko hitzarmena berrezartzea, eta enpresa hitzarmenak berritzea lortu dute, eta «sektoreko langileek, oinarri moduan, lanaldi osoak eta kontratu mugagabea izatea». Bestalde, soldata arrakala «betiko ezabatzearren», soldatetan ere «kopuruz eta kalitatez aurrerapauso nabarmenak ematea» lortu dute ELAren esanetan, «soldatak KPIren oso gainetik igoz».
Beraz, ELArentzat «eskandaluzkoa» da aldundiak ezetz esatea «aurreakordioari, sektorearen egonkortasunari, gure senitartekoen ongizateari eta langileen lan baldintzei». Era horretan, aldundia egin du «egoera tamalgarri honen azken erantzulea eta erruduna, «berak bota baitu lurrera patronalen gehiengoaren eta sindikatu nagusiaren arteko akordioa». Zentzu horretan, ELAko langileek borrokan jarraituko dutela aurreratu dute, «azken mugara heldu» arte: «Dirua badago, baliabideak ere bai, zerbitzuaren kalitatea eta lan baldintzak hobetzeko moduko hitzarmena egin daiteke».
LABek hilaren 25ean eta 26an egingo du greba
Gipuzkoako helduen egoitzetan langileentzat hitzarmen duin bat eskatzeko, bi eguneko greba deitu du LAB sindikatuak: hilaren 25ean eta 26an.
Bestalde, ELA sindikatuaren eta foru aldundiaren jarrera salatu du LABek: «Nor da ELA sindikatua, Gipuzkoako helduen egoitzetako hitzarmenaren negoziazio mahaian parte hartu nahi ez eta mahai honetatik kanpo, patronalekin adostasunera iristeko? Nor da Gipuzkoako Foru Aldundia maniobra zikin hauek guztiak onartzeko?». LABen ustez, «ulertezina» da «negoziazio honetan gertatzen ari dena, inongo mugarik gabe, nahi dutena egiteaz gain, gu gezurtatzera ausartzen baitira». Era horretan, LAB sindikatuak «ez du onartuko» Adegi, Matia 2020, Lares eta ACGG patronalek ELA sindikatuarekin batera, «mahai horretako parte garenok kontuan ez hartzea. Ez dugu onartuko mahai negoziatzailea antzerki hutsa bilakatzea». Horregatik, ELA sindikatuari eta patronalei mahaian eser daitezela eta bertan negozia dezatela «exijitzen» die LABek, «joko zikina alde batera utzita. Oraindik ere, sektorea herrialdeko hitzarmenik gabe dago».