Goiekiren 25. urteurrenagatik ekitaldia eta egoitza berrira bisita egin dute gaur
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaria, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburua eta Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusia Ordizian izan dira
Goierriko Garapen Agentziak 25. urteurrena izan zuen 2018an eta data borobil horrekin batera estreinatu du aurten egoitza berria, Ordizian, Negozio Berrien Fabrika (NBF) deiturikoa. Urteurrena ospatze aldera, gonbidatu berezi askorekin ekitaldia egin dute gaur. Horrez gain, eraikin berria bertatik bertara bisitatzeko eta bertan lanean ari diren enpresetako ordezkariak ezagutzeko aukera ere izan dute gonbidatuek.
Goierri Eskolako eraikin nagusian zizan da hitzordua. 12:00etan iritsi da Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako Lehendakaria. Felix Urkola Goiekiko Presidenteak eta Iker Galparsoro Goiekiko eta NBFko zuzendariak egin diote harrera. Bertan ziren baita ere, Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako Sailburua, Jose Migel Santamaria Ordiziako alkatea eta Jose Luis Perez Goierri Valleyko presidentea, besteak beste. Elkarri agurtu ondoren, eraikin nagusiaren barrura sartu eta Goiekiren 25. urteurrenaren ekitaldiari hasiera eman zioten.
Ekintzaileen kokalekua
Enpresa ekintzaileentzat kokagune estrategikoa da Arranomendin dagoen Negozio Berrien Fabrika, Goierri Berrikuntza Gunean. Iker Galparsoro zuzendariak adierazi du «prozesu luzea» izan dela, izan ere 2009an krisialdian sartu baino bi urte lehenago ekin zioten proiektu berri honi forma emateari. Krisialdiak, prozesua eten egin zuen eta 2016an heldu zioten berriro ere. Eta orain, Goiekiren 25. urteurrenarekin batera, egoitza berrian kokatuta daude.
Gaur gaurkoz, eraikin berrian dauden enpresa gehienak «Goiekirekin harremana zuten enpresak dira, abian jartzeko proiektu berriak aztertzen ari zirenak». Gainera, «enpresen arteko elkarlanetik sortutako egitasmo berriak ere badaude» NBFn kokatuta eta azkenik, «inkubategia dago, ekintzaileen kokalekua».