Hariztiko parkea txukundu dute Lazkaon, aisigune modura egokituz
Sailak sastrakaz garbitu eta hiri altzari berriak kokatu ditu udalak. Adinekoen gimnastika-tresnak eta umeen jolastokia ere jarri dituzte. Aparkalekua, asfaltatuta
Lazkaoko San Prudentzio eskola ertzean hasi, eta Harizti Handi futbol zelai barreneraino Agauntza errekaren ertzean luzatzen den Hariztiko parkea berritu du udalak. Elementu naturalak berreskuratu, eta aisigune eta jolastoki bezala hornitu dute, hainbat hilabete iraun duten lan batzuen ondoren.
Parkeko sarrera egokitu dute, batetik. Barandak berritu, pasabideen zorua konpondu eta hormigoizko espaloiak errepasatu dituzte.
Bestetik, parkeko zenbait eremu berreskuratu dituzte, sasiak jota eta landaretza aldetik dauden balioak bistarazita. Mantentze lanak egin dira zelaietan ere, belarra ereinda. Zuhaiztian ere esku-hartzeak egin dituzte teknikariek, basoa argitzeko eta arnasberritzeko.
Haurren jolastokia
Parkearen goialdean, ziburu berria jarri dute. Sokekin osatutako eraikuntza da, eskalatzeko. Gomazko zorua bota diote.
Adinekoentzat, aldiz, bidearen azpialdean ariketa fisikoa egiteko makinak jarri dituzte, ilaran. Eserleku eta mahai berriak ere kokatu dituzte. Harizti Handi futbol zelaiko aparkalekua ere asfaltatu dute.