«Jostorratzarekin eta hariarekin zuloak lotzen ditut irudia osatuz»
Iñigo Calvo ordiziarrak ‘Hariz jositako biniloak’ erakusketa jarri du Aterpen. 1980 eta 1990 hamarkadetako musika taldeen irudiak artelan bihurtu ditu, haria eta jostorratza hartuta.
Biniloak birziklatzeko teknika berria aurkitu du Iñigo Calvo Samaniegok (Ordizia, 1982): biniloetan hariz josi ditu 1980 eta 1990 hamarkadetako estilo desberdinetako hainbat musika talde. Beasaingo Aterpe tabernan du erakusketa jarrita, martxoaren 6ra arte.
Nondik nora bururatu zaizu biniloei beste bizi bat ematea?
Behin oporretan, Erdi Aroko azoka batean artisau batek laserrarekin biniloetan erlojuak egiten zituela ikusi nuen. Asko gustatu zitzaidan ideia eta nik ere biniloekin zerbait egin behar nuela pentsatu nuen. Gauza bat eta bestea probatuz, jolasean iritsi naiz honaino.
Zure kasuan, haria eta jostorratza hartu dituzu. Esperientziarik bazenuen josten?
Galtzerdiren bat edo beste noizbait josi dut baina inoiz hartu gabe nengoen jostorratza eta haria. Nire emazte Ainararen laguntzarekin probak eginez iritsi naiz teknika honetaraino.
Zergatik aukeratu duzu musikaren gaia?
Txikitatik entzun izan dut musika, osabak emandako zintetan. Alaitasun handia ematen dit musikak. Beste gauza batzuk egiten hasi nintzen, zinea, paisaiak, abstraktua… Baina pixkanaka, teknika gehiago hartzen joan nintzenean, lagun batek gomendatu zidan erakusketak egin nahi banituen, gai bat aukeratzeko. Lehenengo bilduma musikari eskainitakoa izatea erabaki nuen, bizitza honetan musikak asko bete nauelako.
Zein da prozesua?
Zintzoki esateko, ez dakit marrazten. Irudiak hartu eta bektorizatu egiten ditut, trazatu egiten ditut ordenagailuan. Plantillak sortu eta diskoei bolumena ematea lortzen dut. Ondoren, taladroarekin zulo txikiak eginez osatzen dut marrazkiaren perfila. Jostorratzarekin eta hariarekin, zuloak lotuz, joaten naiz irudiak osatuz. Valentziako lagun baten bidez lortu ditut biniloak.
Taladroarekin zuloak eginez biniloak ez dira puskatzen?
Ez. Azkena eskuratu ditudan biniloak bigunagoak dira, eta gertatu zait, josterako momentuan biniloa marruskatzea. Bestalde, Ramonesen diskoei pegatinak gehitu dizkiot. Oso izar txikiak ditu, eta ez dut aukerarik izan zuloak egiteko. Sinadura ere pegatina da eta hobeto ikusteko lixatu egin ditut biniloak. Asko gustatzen zait nola gelditu diren, vintage itxura hartzen dute.
Ezagutzen al duzu horrelako teknikarik erabiltzen duen beste artistarik?
Interneten bila aritu naiz baina ez dut ezer ere aurkitu.
Zein musika talde aukeratu dituzu lehen bildumarako?
Musika estilo desberdinetakoak dira, gustatzen zaizkidanak eta asko entzun ditudanak: Potrotraino, SA, La Polla Records, Negu Gorriak, Los Suaves, Nirvana, Iron Maiden, David Bowie, Guns and Roses, Ramones, Fito y los Fitipaldis, Los Suaves, U2… Ska estilorako ez dut talde bakar bat aukeratu, skarekin lotutako irudi desberdinak hartu ditut.
Aurrera begira zein asmo daukazu?
Martxoaren 15ean Santanderreko taberna batean jarriko dut erakusketa eta hara eramateko beste pare bat lan egingo ditut. Horrekin bukatuko dut musikaren gaiarekin. Gustatuko litzaidake Madrilen-edo erakusketa jartzea, Matadero gunean adibidez. Bestalde, bigarren bilduma manga marrazkiekin egiteko asmoa daukat. Segoviako lagun baten 10 urteko semeak oso ondo marrazten du eta berarekin ari naiz lanean. Bere marrazkiak diskoetara eramatea gustatuko litzaidake. Manga marrazkiak egiten ditu.
Salgai al dauzkazu artelanak?
Bai, baina oraingoz ez dut bakar bat ere saldu. Instagramen pasiondisk perfila daukat eta bertan daude orain arte egindako lan guztiak.