Ordizia Urpekoak Sariak 200dik gora igerilari bilduko ditu Majorin
Kataluniako, Nafarroako eta Euskadiko igerilariek parte hartuko dute. Hegats igeriketa ezagutzera ematea da helburuetako bat. Larunbatean, goizean hasi eta arratsaldera arte luzatuko da
Ordizia Kirol Elkarteko Urpekoak, seigarren Ordizia Urpekoak Saria antolatu du, EHUIF-ren laguntzarekin eta Ordiziako Udalaren babesarekin. Otsailaren 23an, larunbata, izango da, Ordiziako Majori kiroldegiko igerilekuan.
Ekitaldian, Kataluniatik datozen hiru taldek, Nafarroako bi taldek eta Euskadiko beste hiru taldek hartuko dute parte, guztira 208 igerilari elkartuz. Parte hartzaileen artean Espainiako selekzioarekin Europako zein Munduko txapelketetara joan diren hainbat igerilari izango dira.
Txapelketa bi jardunaldietan egingo dute: lehena, larunbat goizean izango da 09:30etik 12:30era, eta bigarrena, 16:30etik 19:00etara.
Igerilari nabarmenak
Horren ezaguna ez den igeriketa modalitate honetan nazioarte mailan konpetitzen ari diren igerilariak ikusteko aukera egongo da Ordizian: munduko txapelketan parte hartu duten Sonia Fargas eta Julia Lauge katalanak; Tafallatik datozen eta munduko txapelketan eta Espainiako txapelketan parte hartu duten Natalia Resa eta Lorena Etxeberria; eta Oier Irisarri eta Patricia Andres iruindarrak, besteak beste.
Hegatsak erabiliz igeriketari erritmo biziagoa ematen dion modalitate ezberdin hau ikustera joateko gonbitea luzatu du Ordiziako taldeak.