Legazpiko PSE-EEk suhiltzaile parkea ez ixteko eskatu dio EAJri
PSE-EEko Oscar Valbuenaren ustez ez da sinesgarria suhiltzaileen kamioiak Begaratik Legazpira 15 minutuan iristea. Imanol Lasa diputatuaren "irainak" eta "errespetu falta" salatu ditu.
Legazpiko PSE-EE oso kritiko agertu da pasa den astean Imanol Lasa diputatuak Legazpiko udaletxean egindako agerraldiaren harira. Hala, Korosti suhiltzaile parkeari buruz esandakoak kritikatu eta parkea ez ixteko eskatu dio EAJri.
Diputatu nagusiaren bisitaren berririk ez zutela salatu du Oscar Valbuenak, eta Lasak oraindik ez diela abenduaren bidalitako gutunari erantzunik eman. PSE-EEri buruz esandakoak ere kritikatu ditu ordezkari sozialistak, euren kontrako “irainak” eta “errespetu falta” dela eta.
Lasak egindako agerraldian, “Legazpiko alkatea Foru Aldundian suhiltzaileen gaia landu den bileretan” izan dela agerian gelditu zela dio Valbuenak, nahiz eta alkateak ez duen udaletxean horren berririk eman, ezta alderdi sozialistak gai horren inguruan galdetu duenean ere.
Gipuzkoa 20-30 plana “ondo irakurri” dutela eta bertan Zubillaga (Oñati), Korosti (Legazpi) eta Arrateko (Eibar) suhiltzaile parkeak lekuz aldatu eta Bergaran eta Elgoibarren berriak egiteko asmoa jasotzen dela nabarmendu du PSE-EEk. Hala, Imanol Lasari “jendea nahastu” nahi izatea eta “gainontzeko alderdiak iraindu” nahi izatea leporatu diote. “Agian urduri egongo da hauteskundeak direla eta, bere ezintasunagatik, suhiltzaileek gaiak ihes egiten diola ikusita”.
Agerraldi horretan emandako datuak ere zalantzan jarri dituzte sozialistek. “Ez da sinesgarria Bergararen kanpoaldean dagoen eraikin batetik, bi herrien artean 200 metroko desnibela egonda, urez betetako kamioak Legazpiko herriguneko etxeetaraino 15 minutuan iristea, eta are gutxiago baserri guneetara”.
Hori guztia ikusita, Legazpiko Udalari eskaera zuzena egin diote: suhiltzaile parkea Bergarara ez aldatzeko eskaera egin dezala.