Zegama-Aizkorrin 10.000 pertsona baino gehiagok eman dute izena
Dortsalen zozketa bihar egingo dute, 18:00etan, Zegamako udaletxean .Dortsal eskaera handiena duen lasterketa da. 225 dortsal zozkatuko dituzte
Urtetik urtera Zegama-Aizkorrik marka guztiak hausten ditu. Aurten ere inoiz baino korrikalari gehiagok eman dute izena: lehenengo aldiz 10.000 lagunen langa gainditu dute. 10.550 pertsonek eman dute izena, iaz baino 1.950 gehiagok. Izen-emate altuena duen lasterketa da. Munduko lasterketa erakargarriena. 225 dortsalen zozketa ostiral honetan izango da, 18:00etan, udaletxean.
Izena eman dutenen %7,48 emakumezkoak dira eta %92,52 gizonezkoak. Gizonezko helduenak 73 urte ditu eta emakumezko helduenak 64 urte. Herrialdeei dagokienez, 2.703 euskal herritarrak dira eta 2.212 kataluniarrak.
Estatu espainiarreko herrialdeei dagokienez, madrildarrak dira nagusi: 567. Izen-emate gutxien dituen herrialdea Huelva da… 18rekin! Balear Uharteetatik etortzeko prest daudenak 193 dira eta Kanariar Uharteetatik etortzeko prest daudenak 256.
Gainontzeko herrialdeei dagokionez, datuak are eta harrigarriagoak dira. Argentina, Estatu Batuak, Brasil, Errusia, Txile, Mexiko, Ekuador, Costa Rica, Venezuela, Hego Korea, Japonia, Txina, Australia, Hegoafrika, Peru, Singapur, Uruguai, Kanada, Kolonbia, Luxenburgo, India, Guatemala, Liechtenstein, Kamerun, El Salvador, Frantziar Polinesia, Nepal, Zeelanda Berria, Panama… Zegama-Aizkorrin izena eman dutenen jatorria da, ez Nazio Batuen azken batzarrean parte hartu zutenena.
Alberto Aierbe antolatzailea, urtero bezala, zur eta lur ageri da. «Estatu espainiarreko eta Estatu frantziarreko geroz eta jende gehiagok ematen du izena. Zerrendan 50 herrialde baino gehiago ageri dira. Eta 50 argentinarrek eman dute izena! Brasilgo kuadrilla eta Estatu Batuetakoa ere handiak dira. Nire ustez, Golden Trailen egoteak eragin handia du: lasterketak geroz eta oihartzun handiagoa du, zuzenean ematen dute… Eskaera kopuruari dagokionez, munduko liderrak gara».
Goi mailako korrikalariak
Gainera, izena eman dutenen artean munduko korrikalari onenak daude. «Kilian Jornetek lehen egunean eman zuen izena. Munduko onenek eman dute izena. Beraien artean, aurreko urteetako irabazleak daude».
Zegamarrak oso gustura daude, baina ardura handia ere sentitzen dute. «Lortutakoaz harro gaude, noski, baina exijentzia geroz eta handiagoa da. Kontuan izan behar da amateurrak garela eta guztiok lan orduetatik kanpo aritzen garela antolaketa lanean. Halako batean lasterketaren tamaina arazo bihurtuko da eta buru-belarri dedikatuko den jendea beharko dugu. Oraingoz moldatzen gara eta Salomon enpresak laguntza handia eskaintzen digu».