Aitziber Garmendia eta Sara Cozar, ‘Erlauntza’ antzezlaneko bi erle
Antzerki Garaiaren barruan gaur aurkeztuko dute Usurbe Antzokian. Sarrerak agortuta daude. Sei laguneko neska kuadrilla baten inguruko gora-beherak kontatzen dituzte
Arrakasta izaten ari da Vaiven Produkzioen Erlauntza antzezlana. Bihar Usurbe Antzokian izango da ikusgai, 22:15ean. Beste saio batzuetan bezala, Beasainen ere, sarrerak agortu egin dira. Txikitik elkar ezagutzen duten lagun kuadrilla baten istorioa kontatzen du antzezlanak; asteburu pasa joango dira landetxe batera, beraietako baten ezkon aurreko agurra ospatzera. Aktoreek beraiek ere, kuadrilla ederra osatu dute, eta bi goierritar daude tartean: Aitziber Garmendia zaldibiarra eta Sara Cozar ordiziarra. Gainerako aktoreak Itziar Atienza, Leire Ruiz, Getari Etxegarai eta Naiara Arnedo dira; guztiak, Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean ariko dira. «Asteburu eroa izan behar zena, are gehiago erotuko da, trapu zaharrak, esan gabeko gauzak, esandakoak, alkohola, droga eta erlauntz bat. Esaten da erleak direla animalien erreinuan hobekien komunikatzen diren izakiak. Eta dantzan komunikatzen omen dira».
Aitziber Garmendia zaldibiarra sei antzezlanetan parte hartzen ari da une honetan, «bakoitza bi hizkuntzatan. Beraz, 12 testu» ditu buruan. Erlauntza-ren kasuan, Leire da, ezkontzear dagoen neska. «Komedia da funtsean, oso-oso benetakoa da. Komediatik badu, baina dramatik ere bai. Maitasunaz hitz egiten da, familiaz, amatasunaz…».
Sara Cozar ordiziarrak Garaziren rola jokatzen du. Ama izan nahi du, baina aldi berean, «ama txarra izateko beldur» dela dio. «Beldur horri aurre egiteko teknika berezi bat erabiltzen du; burutik nahikoa jota dago».
Arrakastaren arrazoia
Doazen lekura doazela, antzokiak betetzen ari dira Erlauntza lanarekin, eta arrazoi bat baino gehiago dago horretarako, bi goierritar aktoreen ustez. Garmendiarentzat, ikusle gehienak identifikatuta sentitzen dira taula gainean ikusitakoarekin istorioa «errealista» baita, «inspirazio iturri oso errealak ditu idazleak eta oso benetakoa da». Bere ustez, «laguntzasuna zalantzan jartzen da: lagunak bai, baina zein punturaino; non hasten da laguntasuna eta non hasten da berekoikeria… Gauza asko daude tartean eta nik uste edozein kuadrilletan gertatu diren gatazka azaltzen direla».
«‘Erlauntza’ antzezlanak eman dit
plazer eta gozamenik handiena»
Aitziber Garmendia (Aktorea)
«Mireia Gabilondo zuzendariak gutako
bakoitzaren onena atera du»
Sara Cozar (Aktorea)
Cozarrentzat, ikusleak antzezlaneko hariarekin identifikatuta sentitzeaz gain, «ondo egindako gauzen multzoa» da Erlauntza. «Gidoia oso ondo idatzita dago, oso ideia polita da, Mireia Gabilondok oso ondo zuzenduta dago, gutako bakoitzaren onena atera du, pertsonaia oso politak sortu dira. Elkarren artean oso desberdinak dira eta batekin edo bestearekin identifikatuta sentitu daitezke ikusleak. Txisteek ondo funtzionatzen dute. Azken batean, ondo sortutako eta ondo egindako gauza bat da».
Emakumeak izarapean antzezlanean batera aritu ziren Garmendia eta Cozar, orduan ere Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean. Bientzat, antzezlan «kuttunenetako» bat izan zen gainera. Erlauntza ere kuttunenenaren zerrendan sartu du batez ere zaldibiarrak. Aitziber Garmendiaren lanik osoena, onena dela diote askok: «Jende gehiagok esan dit, eta sekulako ilusioa egiten dit hori entzuteak, nik ere horrela sentitzen dudalako. Aktore bezala ahalegin handia eskatu dit, lan prozesua zaila izan da, pertsonaia zaila da. Baina plazer eta gozamenik handiena ere berak eman dit».
“Plaza ona”
Etxekoen aurrean ariko dira gaur biak, eta «plazer handia» dela diote. Cozarren esanetan, beti da «plazera etxera itzultzea, plaza garrantzitsuenetako bat da niretzat, nahiz eta urduritasun berezia sortzen den». Bi goierritarrentzat gainera, oso plaza ona da Beasaingo eta Ordiziako Antzerki Garaia. Garmendiaren arabera, «zoragarria» izaten da. «Nire ustez asmatu egin zen Ordizia eta Beasain elkartuta. Ohitura sortu da antzerkira joateko, eta hori nabaritzen da. Mila plazatan ibili naiz eta plaza guztietako publikoa ez da berdina. Goierriko publikoa zentzu horretan oso fina da. Ez dut nik bakarrik esaten, nire lankideek ere gauza bera esaten dute».