Ampo Ordiziak 40-13 mendean hartu du Bartzelona, zaleen babesarekin
Altamira estadioa goraino bete zen atzo, Ordizia Rugby Elkarteak egindako deiari erantzunez. Erasoko bonusari eskar, bost puntu lortu ditu etxeko taldeak:
Partida garrantzitsua zela jakitun, zaleen babesa eskatu zuen Ordizia Rugby Elkarteak iganderako. Eta harmailak goraino beteta zirela jokatu zen atzo, Ampo Ordizia eta Bartzelonaren artekoa. Etxekoek puntuak nahi zituzten play off postuetan jarraitzeko, eta erasoko bonusari esker, bost puntu lortu dituzte.
Hasieratik garaipenaren bila atera ziren zelaira ordiziarrak. Imanol Aldanondok egin zuen etxekoen aurreneko entsegua. Bartzelona defentsan sendo hasi zen, ordea, eta Ordiziari kosta egin zitzaion azken lerroak zulatzea. Kataluniarrek bi zigor kolpe egin eta gerturatu egin ziren markagailuan. Baina Ampokoek buelta eman zioten, zelaia bereganatu zuten eta errenkadan iritsi ziren entseguak. 70. minutuan egin zuten kataluniarrek beraien entsegu bakarra, baina berehala etorri zen Aitzol Garmendiaren erantzuna, marra zeharkatuta.
Etxekoek 40-13 irabazi dute, eta bost puntu lortuta, egonkortu egin dira sailkapeneko 52 punturekin, bosgarren dagoen Barçari 6 puntuko aldea aterata.