Oier Irisarrik eta Irati Lakunzak irabazi dute Ordizia Urpekoak Saria
Zortzi taldetako 208 igerilarik parte hartu dute. Nabarmentzekoa da igerilari ordiziarrek egindako txapelketa.
Seigarren Ordizia Urpekoak Saria jokatu zuten, larunbatean Ordiziako Majori kiroldegiko igerilekuan, Ordizia Kirol Elkarteko Urpekoak taldeak antolatuta. Toki desberdinetatik etorritako zortzi taldek parte hartu zuten, 208 igerilari guztira. Oier Irisarri (AD San Juan, Iruña) eta Irati Lakunza (Igarondo Urpekoak, Tolosa) izan ziren jardunaldiko irabazle nagusiak. Lakunzak gainera errekor berria ezarri zuen.
Gizonezkoen artean, Oier Irisarrik gehitu zituen puntu gehien (1.932). 100 metro eta 400 metro eskafranda probetan aritu zen. Bigarren tokian, Irisarriren taldekide den Vadin Coselec gelditu zen (1.764 puntu). 200 metro eta 400 metro urazaletik egin zuen igeri. Hirugarren berriz, Isaac Vera (CE Mediterrani-Bartzelona) gelditu zen, 50 metro urazala eta 100 metro bialeta probatan lortutako 1.724 punturekin.
Emakumeen artean, Irati Lakunzak, 200 metro urazaletik eta 100 metro eskafandra probetan lortutako 2.048 puntuei esker lortu zuen garaipena. Aipatzekoa da, bi frogetan Espainiako errekor berria ezarri zuela. Bigarren postuan, Julia Lauge (CE Mediterrani- Bartzelona) gelditu zen. 50 metro urazala eta 100 metro bialeta probetan parte hartuta, 1.910 puntu batu zituen. Azkenik, hirugarren postuan, 1.876 punturekin, Silvia Barnes (CN L’Hospitalet- Bartzelona). 50 metro urazala eta 100 metro bialeta probetan aritu zen.
Bestalde, etxekoen artean, nabarmentzekoa da Josu Sarasolak, Josu Goyak, Ainhoa Garmendiak, Ane Gonzalezek eta Iratxe Garmendiak eginiko txapelketa.