Berriz 'Lazkao Txiki txikiak' sortzeko lanean
Urte batzuetan batere gabe egon ondoren, Lazkaon bertso eskola jarri dute berriro. Abenduan hasi ziren klaseak. Bi taldetan, 15 neska-mutil barneratu dira bertsolaritzaren bidean, Aratz Igartzabal gidari dela.
Etxea, jertsea, atzea, horrelakoxea hitzak idatzi ditu irakasleak arbelean. Begira-begira ditu 9-10 urteko sei haur. Asteleheneko 17:00ak dira, San Benito ikastolaren gela batean. Eguneko eskolak bukatu, eta bertso eskolara etorriak dira. Lazkaon, azkeneko urte mordoxka batean ez da aukerarik izan. Goierriko Bertso Eskolak ekimena hartu, bi talde bildu, eta abenduan ekin zion atzera bertsolaritza lantzeari.
Denera 15 neska-mutikok eman dute izena Lazkaoko bertso eskolan (neskak 4 dira). «Kopuru polita da berriro hasteko, ondo dago Lazkao bezalako herri baterako», dio Aratz Igartzabal irakasleak. Bi talde osatu dituzte, denak 9-10 urtekoak dira. Astelehenetan sei aritzen dira, eta ostiraletan bederatzi. Ordubeteko klasea hartzen dute.
Haur mailakoak dira guztiak, 12 urte artekoak. «Denak maila beretsukoak dira. Hasiera modura, bertsopaperekin gehiago aritzen gara, idatziz. Bertsoren bat ere egiten dute jada».
Bertsogintzaren logika ulertzea eta oinarrizko teknikak ikastea da orain helburua: errimak, neurriak, doinuak… Geroago izango dute bat-batekoan hasteko modua, 12-18 urtekoen sailean bertsolaritzaren benetako esentziara murgiltzen baitira. «Orain ere, zaharragoekin talde bat osatzen saiatu ginen, bat-bateko eran aritzeko. Baina ezin izan da, oraingoz. Jarduera asko dituzte haurrek».
Aurki, Zegaman
Goierriko Bertsozale Elkartea iaz birfundatu zuten, Goierriko eskualde oso-osoa hartu eta koordinazio-uhin berean aritzeko. Bertso eskolak bateratuta ematen ditu, eta taldeak osatzen diren herrietan jartzen dituzte.
Gaur egun, Goierriko bederatzi herritan daude bertso eskolak: Ataunen, Beasainen, Gabirian, Lazkaon, Legazpin, Ordizian, Seguran, Urretxu-Zumarragan eta Zaldibian. Aurki, Zegaman hasiko da, hango haurrekin osatuko delako taldea (orain Segurara joaten dira).
Guztira, ehun haur baino gehiago ari dira eskualdean bertso eskoletan. Hezkuntza arautuan ere ikastetxe gehienetan ematen dute bertsolaritza, ikasgai modura. «Ikastetxeak dira gure bitartekoak, eta haien bidez jakiten dugu non dagoen jendea hasteko moduan». Biharko bertsoari oinak jartzeko.
Bertso-afaria dago gaur Maizpiden, apirilean Lartxain
Maizpide euskaltegiak bertso-afaria antolatu du, gaurko. Jangelan izango da, 20:30ean afaria eta gero saioa. Endika Igartzabal eta Gorka Maiz gabiriarrak ariko dira bertsotan.
Apirilaren 5ean, berriz, Lazkaomendiko Lartxai elkartean izango da bertso-afaria, Lazkao Txiki hil zela 26 urte direla eta, Gerrikok antolatuta. Maddalen Artzallus eta Miren Amuriza ariko dira. Txartelak salgai dira, liburu dendan.