Erleen onurak Ataunen ikasgai
Erleen produktuek gizakiaren osasunerako dituzten dohainak eta gai bakoitza nola ateratzen den azalduko dute, bihar, Silvana Huegunek eta Jon Etxeberriak, Ataunen. Bai gaixotasunari aurre egiteko, bai elikadurarako.
Eztia, propoleoa, erregina-jalea, polena… Erlezaintzatik ateratzen diren elikagai eta produktu estimatuak dira. Gizakien osasunarentzat dauzkaten onura ugariak ikusita, gutxi ezagutuak, ziur asko. Ataunen Erleen produktuen ezaugarriak eta erabilpen terapeutikoa hitzaldia egingo dute, bihar, informazioa herritarrei zabaltzeko. Deialdiak piztu duen interes handia ikusita —Ataundik kanpora ere bai—, saio erabat irekia egingo dute.
Jon Etxeberria erlezain ataundarrak eta Eibarko Oreka zentroko Silvana Huegun dietista-nutrizionista adituak hitz egingo dute. «Produktu guztiak ez dira erleek sortuak, kanpotik ekarriak ere badira», argitu du lehenik Jon Etxeberriak. «Propoleoa zuhaitzek sortzen duten produktua da; erleari bilduarazten diogu, guk nahi dugun lekuetan, eta guk lortzen dugu gero», azaldu du erlezain ataundarrak.
Eztia, erleek negurako elikagai-erreserba izan dezaten sortzen dute, bestetik. «Erleek eraldatua da. Baina polena, adibidez, eraldatu aurretik hartzen diegu: loreetatik biltzen dute, eta, dakartela, tranpa batzuetatik pasarazi, eta eskuratzen dugu. Jalea, berriz, erleen guruinetatik sortzen den produktua da, elikagai bat».
Gai bakoitza nola eta nondik lortzen den argituko du Etxeberriak biharko hitzaldian.
Osasunerako onurak
Silvana Huegunek, bere aldetik, erleen produktuak zertarako eta nola erabil daitezkeen argituko du. «25 urteko esperientzia dauka nutrizioan eta dietetikan. Produktu hauekin lan egin du, eta asko daki. Onura terapeutikoak, dosifikazioa, zertarako erabili… azalduko du».
Gaixotasunei aurre egiteko eta oinarrizko elikadurarako, bietarako balio dute. «Erlezaintzako produktuak milaka urtean kontsumitu ditu gizakiak, eta oso ondo identifikatzen eta asimilatzen ditu gorputzak, beste produktu eraldatu batzuk ez bezala», aurreratu du Etxeberriak.
Udaberri aurreratuagatik, erleak beste urteetan baino gehiago daude garatuta. «Polen gehiago daukate, eguna luzatzen ari da, eta elikagaira joateko modua daukanean, aurrera egiten du. Baina eguraldi txarra egiten badu lau-bost astean, kalteak sor litezke, umeak hiltzea, adibidez. Gure erlea, hala ere, ohituta dago klimatologia honetara: badaki neguak oso luzeak izaten direla, eta onaldiak egin arren, ondo erregulatzen daki».
Hitzaldia
· Izenburua. ‘Erleen produktuen ezaugarriak eta erabilpen terapeutikoa’.
· Herria. Ataun.
· Tokia. Udaletxeko aretoa.
· Noiz. Bihar, osteguna, 18:00etan.
· Hizlariak. Jon Etxeberria erlezain ataundarra eta Silvana Huegun dietista eibartarra.
· Antolatzailea. Otsobatza kontsumo taldea. Udalak babestua.