Goierriko pentsiodunek elkarretaratzea deitu dute martxoaren 4rako, Ordizian
Gizarte Segurantza propioa, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta KPI eguneratuarekin parekatuta dagoen igoera exijitu dituzte Goierriko pentsiodunek Ordiziako Plaza Nagusian
Goierri behea da orain arte astelehenetan pentsiodunen elkarretaratzerik egin ez den Gipuzkoako eskualde bakarra. Hori hautsi nahian, azken aldian ari da zerbait mugitzen pentsiodunen artean. Ordiziako Plaza Nagusian elkartu ziren atzo, eta datorren astelehenean, martxoak 4, 11:00etan, Pentsio publiko duin batzuen alde goiburupean, elkarretaratzea egingo dutela iragarri dute. Goierriko Pentsiodunak talde sortu berriak egin du deia eta herritar guztiak daude gonbidatuta.
Orain dela urtebete hasi ziren toki guztietako pentsiodunak mobilizazioak egiten eta astero-astero elkarretaratzeak egiten. Goierriko pentsiodunek ere bat egingo dute eta datorren astelehenetik aurrera hasiko dira elkarretaratzeak egiten.
Aurkezpenean adierazi zutenez, «pentsionista guztien errealitatea ez da berdina, batzuk besteak baino osasuntsuago gauden moduan, batzuk dependienteak dira, beste batzuk ez, eta pentsioekin ere berdin gertatzen da, errealitate oso desberdinak daude». Azkeneko urteetan, «gobernu ezberdinen eraginez, murrizketa larriak» izan dituzte eta ez hori bakarrik, azken urteotan (2011 eta 2013) egindako lan eta pentsio erreformak «gaurko eta etorkizuneko pentsioak kaltetu dituzte». «Pentsioak lortzeko baldintzetan, urte gehiago kotizatu behar baita, eta ordainsarietan ere eragin dute», Goierriko Pentsiodunek nabarmendu zutenez. Gainera, aurtengo KPI igoera dute ziurtatuta bakarrik.
Pentsioen eta zerbitzu publikoen kostua «garestiegia dela eta ezin dela ordaindu diote». Honek guztiak «bizitzaren azken unean gauden askorentzat, pobrezia arriskua handitzea ekarri digu».
Pentsiodunen eskakizunak
Goierriko pentsiodunek «zahartzaro duina» izateko, hainbat gauza exijitzen dituzte: Gizarte Segurantza barruan sartzen den Pentsioen Sistema Publikoa; europar Gutun Sozialaren aholkuei jarraituz, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa genero bereizketarik gabe; KPI errealaren araberako igoera, legez bermatua; 1.200 euroko gutxiengo soldata: jasangarritasun faktorea baliogabetzea; genero desberdintasunik ez egitea, izan ere, hego Euskal Herriko emakumeek, bataz beste, %41 gutxiago kobratzen dute gizonek baino; aurretiko erretiroari zigorrik ez ezartzea; eta azkenik, ez dute ontzat ematen Pentsioen Sistema Publikoa deuseztatzea eta laguntza sistema bat bihurtzea.
Pentsio duinez gain, «adineko pertsonentzako laguntza eta dependentzia egoeran dagoen jendearentzat zaintza sistema publikoa eta anitza» eskatzen dute.
Gaur bizi duten egoeraren aurrean, «konponbidea» eskatu dute eta «aitzakiarik onartuko ez» dutela ere garbi utzi dute.