Japonieraz baino, euskaraz
Japoniako ahozko tradizioko rakugo generoa euskaraz ekarriko du gaur Legazpira Yoshida Hiromik bildutako Azpeitiko Rakugo Ekipoak. Olazabal institutuaren ekimenez eskainiko dute kontaketa kultur etxean, 19:00etan.
Rakugoa Japoniako ahozko tradizioan kokatutako generoa da. Orain 400 bat urtetik ahoz aho transmititu den ipuin mota da. Istorio motzak izan ohi dira, bakoitza hamar-hamabost bat minutuan konta daitekeena, eta istorio guztien ezinbesteko ardatza umorea da. Jende xehearen kontakizunak dira, haiek transmititu dituztenak eta haiei buruzkoak. Rakugoaren gaineko azalpenak Yoshida Hiromik eman ditu.
Yoshidak –japonieraz aurretik jartzen da abizena– gaur Legazpiko kultur etxean aurkeztuko duten Rakugo ipuin kontaketaren ekoizlea eta aurkezlea da. Gaurkoan kontalariek ez dute japoniera erabiliko euskara baizik. Horrenbestez, rakugoak euskaraz kontatuko dituzte Azpeitiko Rakugo Ekipoko kideek –Axen Escalada, Maider Ibarguren eta Arantzazu Maiz–.
Hirurek kimonoak jantziko dituzte eta bakoitzak istorio bana edo bi kontatuko ditu. Yoshidak generoa euskaratu du, «denbora luzea da Euskal Herrira urtero natorrela eta hainbeste jaso dut hemen ezen nik Japoniatik zer edo zer ekarri nahi nuela». Hala, rakugoa oso egokia iruditu zitzaiola esan du, «antzerkia ekartzea oso zaila zen; rakugoa ekartzea, ordea, errazagoa zen».
Lurrean jarrita kontatuko dituzte Yoshidak euskarara ekarritako ipuinak. Bi tresna baino ez dituzte behar: abanikoa eta oihala. Horiez gain, ahotsak ezinbesteko garrantzia du. Izan ere, kontalari bakoitzak pertsonaia bat baino gehiagoren rola jokatu behar du eta ahotsa beharren arabera modulatu behar du.
Yoshida urtean behin etortzen da Japoniatik Euskal Herrira. Hiruzpalau aste egiten ditu bertan irakasle lanak uzten dion tartea baliatuta. Yoshida Hiromi ez da rakugoak kontatzeko gai sentitzen, «Axen animatu nuen eta biok hasi ginen; ni aurkezle, Axen kontalari. Gero beste bi kideak elkartu zitzaizkigun. Pernando Amezketarraren istorioekin alderatu daitezke Japoniako rakugoak».