Zumarragan hasiko da EHko Itzulia, 11,3 kilometroko erlojupekoarekin
Zumarragan hasi eta bukatuko den 11,3 kilometroko erlojupeko probak emango dio hasiera Euskal Herriko Itzuliari. Ibilbidearen berri eman dute gaur, Zumarragan.
Euskal Herriko Itzulia apirilaren 8an abiatuko da Zumarragatik eta Eibarren bukatuko da, 13an. Lehen etapa 11,3 kilometroko erlojuaren aurkakoa izango da. Txirrindulariak Ezkioko errotondara jaitsiko dira, ondoren Antio igoko dute Eitzatik eta bukatzeko herrira jaitsiko dira.
Eguerdian aurkeztu dute Euskal Herriko Itzuliaren ibilbidea, Zumarragako udaletxean. Ekitaldian Julian Eraso antolatzaileak, Pedro Horrillo zuzendari teknikoak eta Mikel Serrano alkateak parte hartu dute.
Erasok Antioko igoera “polita” dela esan du, baina bertatik pasa ziren azken aldian “iskanbila” egon zela gogoratu du. “Oraingoan, erlojuaren aurkakoa denez, ez da arazorik egongo”, esan du.
Horrillok etapa guztietan bi esprint bonifikatu egongo direla gogoratu du. 3, 2 eta 1 segundo banatuko dituzte bakoitzean. Etapa amaieran ere bonifikazioak egongo dira (Zumarragakoan ez ezik): 10, 5 eta 4. segundo.
Bigarren etapan Zumarragatik Gorraizera joango dira, Atagoiti, Ormaiztegi, Olaberria eta Lizarrustitik. Etaparen bigarren zatian 4.800 metro egingo dituzte lur gainean. Etapa %5,6ko pendiza duen 800 metroko aldapa batean amaituko da.
Hirugarren etapan Sarrigurenetik Estibalitzera joango dira. Etapa luzeena izango da: 184,8 kilometro. Aldapan amaituko da: bi kilometro, %4-5eko pendizan.
Laugarren etapan Gasteizetik Arrigorriagara joango dira. Helmugatik 40 kilometro baino gutxigora Bikoitz Gane mendate gogorra igoko dute (4,9 kilometro/%8,6). Hiru kilometroren faltan, berriz, Zaratamo igoko dute (4 kilometro/%3,2).
Azkenaurreko etapa izango da gogorrena. Arrigorriagatik Eibarrera joango dira. Bidean, Morga, Natxitua, Bedarona, Arribinieta, Ixua, Trabakua eta Usartza igoko dituzte. Azken etapa Eibarren hasi eta amaituko da. Hau ere oso gogorra izango da. San Migel, Kalbario, Elkorrieta, Azurki, Karakate eta Asentzio igoko dituzte. Karakate ez dute ohiko bidetik igoko, porlanezko batetik baizik.