Aralarren magalean piztutako sutea erabat itzali dute
Suhiltzaileak kasik hogeita lau orduz aritu dira lanean, sutearen bi foku nagusiak kontrolatu eta itzaltzeko. Gauean itzali dute bigarren puntu nagusia.
Suhiltzaileek erabat kontrolatu eta itzali dute Aralarren magalean piztutako sutea, kasik hogeita lau orduko lanen ondoren. Atzo eguerdirako kontrolpean zuten sutearen foku nagusietako bat, baina bigarrena izan da lanik handiena eman diena; leku malkartsuak, lurra lehor egoteak eta haizeak zaildu egin baitute suhiltzaileen lana.
Asteazken goizaldeko 01:10ean jaso zuten suhiltzaileek sutearen abisua. Amezketa eta Bedaio artean piztu eta inguruetara zabaldu zen, 30-40 hektareako saila kaltetuz. Sua nola piztu zen jakiteko ikerketa zabaldu dute, eta ofizialki baieztatu ez badute ere, lehen hipotesien arabera norbaitek piztutako suaren ondorio izan daiteke.