Zegamako errepideko azken zatia hobetzeko proiektua jendaurrean jarri du aldundiak
Kortaberriako biribilgunetik Ondaraldea industrialdeko zatiko lanek 1,7 milioi euroko aurrekontua dute
Gipuzkoako Foru Aldundiak jendaurrean jarri du Zegamako GI-2637 errepidea hobetzeko proiektua, Kortaberriako biribilgunetik Ondaraldea industrialdeko zatiari dagokiona. Lan horiekin, Zegama eta N-1 errepidea Idiazabal parean lotzen dituen bidea hobetzeko proiektua bukatuko da.
Proiektuak 1,7 milioi euroko aurrekontua eta 6 hilabetetako exekuzio epea du, eta proiektua “jendaurrean jartzea aurrerapauso garrantzitsua” dela nabarmendu du Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako foru diputatuak: “Zegamarentzako oso obra garrantzitsua da, esku hartze honekin amaituko baitugu herriaren orain zein etorkizunarentzat sekulako garrantzia duen azpiegitura”. Oiarbide Joseba Izagirre alkatearen eta udal ordezkariekin elkartu da gaur Zegamako udaletxean.
Hiru metroko bi errei
Tramite fasean dagoen proiektu honek hiru metroko zabalera izango duten bi errei jasotzen ditu, eta alde banatan metro erdiko artzena. Kortaberriako biribilgunea eta Ondaraldeako industrialdiaren arteko zatiak 1,3 kilometro ditu. Ondaraldeako fabriketara sarrera egun bezala geratuko da, ibai ondoko lotunean eskubitara eginez sartzeko aukera gehituz. Hartara, galdarategi aurretik pasa gabe sartzeko aukera egongo da. Bestalde, Ondaraldea auzoa zeharkatzen duen zatia eta Oria gaineko zubia ez dira aldatuko.