Zerga bilketaren igoerak udalentzat 2,7 milioi euro gehiago utzi du, 2018an
Udalen Finantzaketarako Foru Funtsaren iazko likidazioa %6 gorago itxi da, aurrekontua baino. Ia 49 milioi jaso dute 23 udalek. Kopuru bertsua jasoko dute aurten, 2019ko lau ordainketatan
Udalerriek duten diru sarrera garrantzitsuena, UFFF Udalen Finantzaketarako Foru Funtsa, aldeko %6ko saldoarekin bukatu zen iaz. Zerga bilketarekin aurreikusi baino diru gehiago bildu zuenez Gipuzkoako Foru Aldundiak, soberakin horretatik 28,7 milioi euro UFFFra bideratu du Finantzen Euskal Kontseiluak. Guztira, 514,5 milioi euroan geratu da UFFFren iazko zuzkidura Gipuzkoan; %99,85, 89 udalerrien artean banatu dute, eta %0,15 Eudelek jasoko du (43.000 euro).
Funtsak laugarren urtez jarraian ondu du diru-hornikuntzaren «errekorra». 2017ko likidazioa baino %10 handiagoa izan zen iaz; 2018ko aurrekontua bera %6,6 hobetu du.
Hala, Goierriko udalek guztira 2.738.731 euro gehiago jaso zituzten astelehenean, otsailak 25, 2019ko UFFFren lehen ordainketarekin batera. Iaz, aurrekontuan izendatutako 46,2 milioi euro iritsi ziren Goierrira. Udalen aldeko geratu den saldoa batuta, beraz, ia 49 milioiko kopurura iritsi da 2018ko UFFFa (48.988.716 euro, zehazki).
Diru gehiago izango dute udalek beren kontuetan. Beasainek, adibidez, 541.000 euro gehiago, Zumarragak 384.000, Ordiziak 383.000, Legazpik 331.000 edo Urretxuk 262.000 euro. 2018ko UFFFren likidazioaren saldoa kontabilitatean aplikatzeko, 2018ko aurrekontuari egoztea aholkatu die aldundiak udalei.
Aurtengo, 49 milioi pasa
UFFFren 2019rako aurrekontua ere zehaztuta daukate udalek. Goierrira, guztira, 49.096.232 euro bideratuko dira, lau ordainketatan. Goierritar bakoitzeko, 706 euro dira. Iazko likidazioa 107.516 euroan gainditu du aurrekontuak, horrenbestez. Udalerri guztietan ez da igoko asignazioa, hala ere.