Itsuentzako lehen semaforoa jarriko dute Beasainen
Ezkiaga auzoko Joan XXIII kalean hasi dira ezaugarri bereziak dituen semaforo berria kokatzeko lanak. ONCE erakundearekin elkarlanean ari da udala, "herritarren beharrei erantzuten dien egitasmoa gauzatu du udalerri irisgarriagoa eraikitzen jarraitzeko asmoz".
Beasaingo Udalak “herri atsegin, eroso eta irisgarriago bat eraikitzeko” helburuarekin, eta “pertsonen eta herritarren ongizatea helburu hartuta”, Ezkiaga auzoko Joan XXIII kalean itsuei egokitutako semaforo berria jartzeko lanak hasi dituzte. ONCE elkartearekin ari da udala elkarlanean. Atzo hasi zituzten lanak eta astearen amaierarako semaforoa jarrita egongo dela aurrikusten dute.
Udalaren esanetan, “itsuak eta hauez gain ikusmen urritasuna duten pertsonentzako eremu honetan irisgarritasuna hobetzea izan du helburu ekimen honek. Ezaugarri berezi hauetako lehen semaforoa izango da Beasainen jarriko dena baina Udalak beharren arabera azpiegitura hau udalerriko beste zenbait lekutan jartzeko aukera aurre ikusten du”.