Abuztuaren 31ra arte probatuko dute aparkaleku mugatua Eskarabillan
Udalbatzak aho batez onartu du Eskarabillan probaldian jartzea aparkaleku mugatuko eremua. EH Bilduk kezka agertu du 2019ko aurrekontua oraindik landu ez delako.
Ordiziako udal ordezkariek udalbatza egin zuten pasa den otsailaren 28an. Gai zerrenda ikusita, arratsaldea gehiegi korapilatuko ez zela bazirudien ere, udalbatza luzea eta beroa izan zen azkenean. Azken momentuan urgentziaz sartutako gai bat izan zen zalaparta gehien sortu zuena: Ordizian Eskarabilla bezala ezagutzen den eremuan aparkaldi mugatua jartzearena.
Azken aldian herritarren eta udal ordezkarien artean kezka sortu duen gaia da Eskarabillako eremuan martxan jarriko den aparkaleku mugatuaren gaia. Pasa den astean ordenantza onartzeko osteguneko udalbatzatik pasa baino egun batzuk lehenago, udal gobernuak ohar bidez jakinarazi zuen,«probaldia» izango dela. Eta aurretik esan zutenaren kontra, «doakoa» izango dela.
Ostegunean, otsailaren 28an, urgentzia bidez landu zuten gaia udalbatzan, eta han erabaki zuten, hika-mika luze baten ondoren, «datorren abuztuaren 31ra arte doako proba» egingo dutela. Horrela esan zuen Jose Migel Santamaria alkateak udal ordezkari eta bertaratutakoen aurrean. Aparkaleku sistema berria erregulatzeko ordenantza aho batez onartu zuten udal ordezkariek. Orain, hilabeteko epea dago alegazioak egiteko.
Aparkalekua mugatuko den eremuan, gune gorria ezarriko dute eta Urdaneta, Maribaratza, Diego Rivero, Goierri, Berria eta Rezola kaleak hartuko ditu; gaueko ordutegian izango du eragina mugak. Eremu horretan aparkatzeko arazo handiak dituzte bizilagunek aspalditik. Hori horrela, Mugikortasun mahaian landu zen gaia eta udalak handik etorritako proposamena jarri nahi izan du martxan.
Guztira 201 plaza daude eta aparkatzeko muga 20:30etik 09:30era izango da bertako biztanleak ez direnentzat, astelehenetik ostiralera. 09:30etik 20:30era, asteburuetan eta jaiegunetan gune gorria aparkaleku librea izango da. Santamariak dioenez, bizilagunek dituzten aparkatzeko arazo guztiak ez dira konponduko, baina «lagungarria» izango delakoan dago.
Bestalde, Urdaneta kaleko 50 eta 60 zenbakien parean, gune urdina ezarriko dute. Egunean zehar, ordubetez bakarrik aparkatu ahalko da bertan. Merkatariei lagundu nahi zaie erabaki horrekin.
Bizilagunek udaletxean txartela eskatu beharko dute. Momentuz, horren inguruko xehetasunik ez dute luzatu, baina epe laburrean horren inguruko informazio guztia emango dutela helarazi dute.
«Inprobisazio ariketa»
Ordiziako EH Bilduk pasa den asteko udalbatzan gertatutakoaren aurrean hainbat argibide eman nahi izan ditu. Lehenik eta behin, 2019ko aurrekontua landu ez izanagatik haserre agertu da oposizioko alderdia. Udal gobernuak, orain dela gutxi, aurrekontu proposamena prentsaurrean aurkeztu zuen, eta aurkeztutako proposamen hori otsailaren 28ko udalbatzan landuko zela esan zuen Santamariak. Baina hori ez da horrela izan.
Eskarabillako gaia dela eta, kezka agertu dute EH Bilduko kideek. Udal gobernuak ez duela gaia «sakon eta serio» aztertu salatu dute. Beste gauza batzuen artean, ez zaie «normala» iruditzen bizilagunek egoiliar txartela ateratzeko ordaindu behar dutela Facebook bidez jakitea. Bizilagunek kexa agertu ondoren, «inprobisazio ariketa batean», ordenantza berriro aldatu eta orain doan izango dela esan dutela salatu dute EH Bildukoek.