Emakumeak eta esku pilotariak
Legazpiko Urbeltz pilotalekuak Laboral Kutxa Binakako Emakume Master Cup txapelketaren bi finalerdi hartuko ditu datorren larunbatean. M8aren ekintzekin harilkatuko dira partidak.
Ez da kasualitatea Legazpiko Udalak Laboral Kutxa Binakako Emakume Master Cup txapelketaren finalerdietako partidak Urbeltz pilotalekura martxoaren 9an eraman izana. Emakumeen Egunaren biharamunean, M8aren bueltako ekintzak udalerrian puri-purian egongo diren egunean, emakumeak pilotan ikusteko aukera izango dute legazpiarrek.
Txapelketako bi finalerdi jokatuko dira frontoian 17:00etan hasita. Lehenengo finalerdian Ane Mendiburu-Laia Salsamendi eta Maria Granado-Ainhoa Lakuntza bikoteak neurtuko dira. Bigarren finalerdian Nora Mendizabal-Ainhoa Ruiz de Infante eta Madalen Etxegarai-Uxue Oses bikoteak lehiatuko dira.
Esparruak irabazten
Master Cup hau emakume pilotariek eskuz jokatzeko duten aukeretako bat da; ez dituzte aukera asko. Aurten Gipuzkoako Pilota Federazioak martxan jarri du lehenengoz emakumezkoen artean eskuzko pilota, gero eta gehiago zabaltzen ari dela ikusita eta haien eskaerari jarraiki. Ez da, alabaina, orain artean emakumezkoen espazioa izan eskuzko pilota.
Txapelketa horiek, Master Cup-a eta Eskuz Binakako Emakume Txapelketa –Gipuzkoako Federazioak aurten antolatu duena– panorama poliki-poliki aldatzen ari denaren seinale dira. Ohituraz, pilotaren esparruan emakumezkoei zuzenduta pala txapelketak antolatu izan dira batez ere.
Testuinguru horretan gutxi izan dira eskuz aritu diren emakumezko pilotariak. Gutxi horiek elkartu izan dira pilotan aritzeko, eskuz eta palan; goierritarrak, Maddi Mendizabal zaldibiarra kasu, Anoetan entrenatu izan da beste pilotari batzuekin batera. Eta, hala, poliki eta elkarrekin gero eta gehiago dira eskuz jokatu nahi duten emakumeak.
Horietako bat Gipuzkoako Federazioak antolatutako txapelketan aritu den Ane Beloki da, legazpiarra bera. Umetan pilotan hasi zen, baina nerabezaroan, mutilek bestelako indar bat hartzean, haiekin parekatzerik ez eta pilota utzi zuen. Pilotara emakumezkoekin jokatu ahal izan denean itzuli da.
Legazpin ikusle asko bilduko balira Master Cup-eko finalerdiak ikusteko, haiek ere alea jarriko lukete emakumezkoen kirol hau suspertu dadin.