Igandeko Erlezain Eguna girotzeko ekitaldiak gaur hasiko dituzte Zegaman
Jakoba Errekondok hitzaldia egingo du gaur kultur etxean. Igandeko ekitaldi nagusia Gipuzkoako ezti lehiaketa izango da. Arratsaldean bertsolari jaialdia egongo da ikastetxean
Erlezain Eguna ospatuko dute Zegaman igande honetan , baina gaurtik hasiko dituzte girotzeko ekitaldiak. Jakoba Errekondok zabalduko du egitaraua, Aisialdirako herri baratzeak eta lorategiak erlearen alde hitzaldiarekin. 18:30ean izango da, Jabier Otaegi kultur etxean. Egitarau berean, Manu Zeberio eta Jexux Tapia arkeologoek San Adriango pasabidearen historia ere kontatuko dute, hilaren 14an.
Iganderako, egun osoko egitaraua antolatu dute. 10:00etan hasiko da artisauen azoka. Harekin batera, txistulariak eta talogileak izango dira. Aranburu mintegiko landareen erakusketa eta Gipuzkoako gozogileen erakustaldiak ere izango dira. Aitxuri herri eskolako haurrek egindako marrazkiak ere ikusgai izango dira. Eztigintzak toki berezia izango du azokan; ezti, argizari, propoli eta kandela salmenta postuak izango dira; erlauntzetatik sortutako produktuak Mahala jogurtekin batera dastatzeko aukera ere izango da.
Igandean bertan ere izango dira hitzaldi eta tailerrak. Jakoba Errekondok loreek baratzean dituzten erabilpenei buruzko azalpenak emango ditu. Rafa Gorrotxategik eta Joakin Donezarrek, berriz, argizaioletako kandelak nola egiten ziren erakutsiko dute. Bi saio egingo dituzte, bat 10:00etan eta bestea 12:30ean. Gainera, Zegamako argizaiola zaharrak eta erlezaintzako antzinako tresnak ikusgai egongo dira pilotalekuan.
Gipuzkoako ezti lehiaketa
Igandeko ekitaldi nagusietako bat Gipuzkoako 21. ezti lehiaketa izango da. 10:30ean hasiko da, eta aurkeztutako 21 eztien bi aukeratu beharko ditu epaimahikoak, finalerako. Horietako batek jasoko ditu txapela, trofeoa eta 150 euroko saria; bigarrenak, berriz, trofeoa eta 100 euro eramango ditu etxera. Zegamarrek eta bisitariek ere gustukoen duten eztia aukeratuko dute; boto gehien jasotzen dituenari garaikurra emango diote.
Umeentzako ekitaldirik ere ez da faltako igandean. 11:30ean Erlearen bila orientazio jolasa egingo dute Anduetza parketxeko zuhaiztian.
Ordu batean hasiko dira sari banaketekin. Aurrena umeen marrazki lehiaketako sariak banatuko dituzte, eta 13:30ean, ezti lehiaketakoak. Goizeko ekitaldiekin bukatzeko, 13:45ean gozokiak doan dastatzeko aukera egongo da.
Bertso saioa igandean
Erlezain Egunarekin batera, Kasino Kultur Elkarteak urteroko bertso saioa antolatu du, igande arratsalderako. Bost bertsolarik parte hartuko dute: Andoni Egañak, Sebastian Lizasok, Alaia Martinek, Oihana Iguaranek eta Iker Zubeldia zegamarrak. Gai jartzaile lanetan Amaia Agirre arituko da. Jaialdia 18:00etan izango da, eskolako gimnasioan.