Iparra-Hegoa gaur hasiko da, 'Jainkoak ez dit barkatzen' filmarekin
Josu Martinezek zuzendutako dokumentalak Lezo Urreztieta borrokalari antifaxistaren istorioa kontatzen du. Larunbatean, egun osoko festa egingo dute Baigorrin.
Segurako Iparra-Hegoa kulturaldia martxoaren 25etik 31ra bitartean egingo bada ere, gaur hasiko dira kultur astea girotzeko aurreneko ekitaldiak. Hasteko, Ardixarran, Josu Martinezek zuzendutako Jainkoak ez dit barkatzen filma ikusteko aukera izango da, 18:30ean. Lezo Urreztieta borrokalari antifaxistaren bizitzaren berri ematen du Martinezek dokumentalean. «Bere bizitza arriskuan jarriz, ehunka pertsonarena salbatu zuen. Franco bera ere hil zuen, ia. Bizitza harrigarri eta borrokalaria izan zuen gizon honen historia» kontatzen du bertan.
Larunbatean, berriz, Baigorriko (Nafarroa Beherea) Basaizea elkartearekin elkarlanean, Iparra-Hegoa Eguna ospatuko dute, Euskal Herria elkar josiz lelopean. Egun osoko egitaraua antolatu dute eta 09:00etan, merkatuarekin hasiko da festa. 11:00etan, ardo dastaketa egingo dute Baigorriko gaiteroekin eta 13:00etan, bazkaria izango dute Bixentainean, Kuxkuxtu txarangak alaiturik. Arratsaldean, berriz, Euskal Herriko zazpi herrialdeetako garagardo dastaketa egingo dute.
Musika ere bai
Iluntzean eta gauean azkenik, musikak alaituko du festa. Batetik, 20:00etan Kilimak taldea izango da eta ondoren Tiri&Terri disko jartzaileak gaueko giroa alaituko du.