Laura Fenollosak eta Itxaro Mendizabalek irabazi dute M-Lehiaketa
Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta, Beasaingo Udal Euskaltegiak zortzigarren aldiz antolatu du M-Lehiaketa.
Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta, Beasaingo Udal Euskaltegiak zortzigarren aldiz antolatu du M-Lehiaketa. 2012an antolatu zuten lehenengo aldiz, eta, urtez urte arlo desberdinetako emakumeak ikustaraztea izan dute helburu. Honela, literatura, kirola, musika, diseinua, landa gunea eta bidaien munduan, emakumeek gizartean egindako ekarpena azaleratu dute. “Aurten ez dugu arlo zehatz bat aukeratu, eta, horren ordez, orokorrean arrazoi desberdinengatik aipatzea merezi duten emakumeak izan ditugu protagonista. Bost emakume izenak asmatu behar izan dituzte lehiaketan parte hartu dutenek”. Hain zuzen ere, Melitta Bentz, Junko Tabei, Hedy Lamarr, Elbira Zipitria eta Josefa Molera.
Asmatzaileen artean bi irabazle izan dira: udal euskaltegiko ikasleen artean, Laura Fenollosa eta euskaltegitik kanpoko herritarren artean Itxaro Mendizabal.
Udaletxeko batzar aretoan egin den sari banaketaren ondoren, Kalaka Komunikazio Taldeko Ilazki Gainzak eta Nerea Uriak Emariak liburua aurkeztu dute. “Funtsean, emakumeok txiki-txikitatik erreferenteak izateko beharrak eraginda eraman dute aurrera proiektu hau”.