‘Liburuak Libro’ jolasa egingo dute apirilaren 7an, euskal liburuak trukatuz
Beasaingo Irakurle Taldeak eta Herri Ekimenak, euskararen erabilera bultzatzearekin batera, euskal liburuei ikusgarritasuna eman eta elkartrukea sustatzeko ekintza berria aurkeztu dute
Azken bi udaberrietan bezala, udaberri literarioaren barruan euskal liburuak kalera aterako dituzte beste behin ere Beasaingo Irakurle Taldeak eta Herri Ekimenak. Aurreko bi urteetan herriko kaleetan liburuekin kalejira egin eta sorkuntza ekitaldia egin badute ere, aurten beste jolas bat proposatu dute: Liburuak Libro jolasa. Iparraldeko euskararen libro adiera hartu dute, liburuak «askatu» nahi dituztela adierazteko. Herriko txoko desberdinetan etxeko apalategietan dauden euskal liburuak askatzeko gonbita luzatu dute aurten.
Antolatzaileen esanetan, «etxean ditugun liburuei irakurle berriak oparitzea da asmoa, irakurzaletasuna bultzatzea eta euskal literatura balioan jartzea». Apirilaren 7a izango da liburuak askatzeko eguna. Aurretik, «kalean utziko diren liburu guztiak zerrendatu egin nahi dira herritarrek kalean eskuragai zein liburu dauden ezagutu dezaten». Horretarako, beharrezkoa da martxoaren 31rako izena eman eta utziko den liburuaren izenburua eta egilea, eta liburua utziko den tokia zehaztea. Adin desberdinetako herritarrek parte har dezakete herria liburutegi bihurtuko den jolasean.
Kartzeletako liburuak
Ingurumenari eta elkartrukeari ere keinu egitearekin batera, elkarbizitza ariketa ere izango da Liburu Libro ekintza, liburu trukearen ondorioz, solasaldiak sortuko baitira. Horrekin batera, abenduko egitasmoan egin zuten bezala, Espainiako kartzeletan dauden hiru preso beasaindarrek ere jolasean parte hartzeko modua egingo dute. «Beraiek nahiko luketen liburua beraiek esandako lekuan utziko dugu; eta beraiek irakurri nahiko luketen liburua bidaliko diegu». Era berean, liburuen maparekin, herriko bazterrak ezagutzeko aukera ere egongo da.
Hilabeteko jarduera
· Gaurtik martxoaren 31ra. Izena emateko epea zabalduko da. beasainhe@gmail.com posta elektronikora mezua bidalita, izen-abizenak, askatuko den liburuaren izenburua eta egilea, eta liburua non utziko den zehaztu beharko da.
· Apirilaren 1eko astean. Askatuko diren liburu guztien zerrenda argitaratuko da.
· Apirilaren 7an utzi eta hartu. Herritar bakoitzak, nahi duen orduan eta aukeratu duen tokian utziko du aukeratutako liburua.
· Argazkia. Liburua utzi edo hartzerako momentuan argazkia atera eta partekatu #euskaliburuakalerabeasain hashtag edo traola erabiliz.
· Zozketa. Izena ematen dutenen artean hiru liburu sorta zozkatuko dituzte.