Sutea izan da Plazaola kaleko etxebizitza batean, Legazpin
Sutea izan da arratsaldean Legazpiko Plazaola kaleko etxebizitza batean. Portaleko bizilagun guztiei kalera ateratzeko eskatu diete suhiltzaileek. Pertsona bat zaurituta eraman dute ospitalera, kea arnasteagatik.
Sua piztu da 18:50a aldera Legazpiko Plazaola kaleko etxebizitza batean, eta kalte materialak eragiteaz gain, emakume bat zaurituta suertatu da kea arnasteagatik; anbulantzian eraman dute ospitalera.
Legazpiko udaltzainek esan dutenez, sua Plazaola kaleko 16 zenbakian izan da, 3. solairuko etxebizitza batean, eta kalte handiak eragin ditu bertan; sugarrak leihotik atera dira. Beheko etxebizitzak ere kaltetuak izan dira, uragatik. Hori dela eta, bizilagunek gaua kanpoan igaro beharko dute. Horietako batzuri, bi familiari hain zuzen, udalak emango die ostatu, Koldobike Olabide alkateak jakinarazi duenez.
Korosti parkeko suhiltzaileak deia jaso eta berehala bertaratu dira Plazola kalean, eta sua itzali eta gero, 20:45 aldera alde egin dute bertatik. Kalea itxita egon da tarte horretan.
Sare sozialen bidez argazki eta bideo ugari zabaldu dira. Hona hemen irudi batzuk.