Asteburuan Katalunia aldean izan da 40 lagunez osatutako zeraindarren talde bat; Gironako Cistella herrian hain zuzen ere.
Asteburuan Katalunia aldean izan da 40 lagunez osatutako zeraindarren talde bat; Gironako Cistella herrian hain zuzen ere. Bi herrien senidetzearen inguruan iaz hasitako harremanariekin jarraituz, eta kataluniarrak azoka ekologikora etorri ziren bezala eta San Josetako zubia lagun, zeraindarrak Cistellara joan dira herria ezagutzera eta harremanak sendotzera.
Martxoaren 15ean, gaueko 12:00ak aldera iritsi ziren zeraindarrak Cistellara eta harrera egin zien Cistellako plazan. Hurrengo egunean, zeraindarrek eta cistellarrek taldeko argazkia atera eta Zeraindik joandako familiei oroigarri bana, bertako mapa eta ibilbide desberdinen liburuxka, estelada eta barretina bana (Kataluniako txapela) eman zizkien. Ondoren, herrian bertan dagoen Masvida ardo upategira joan ziren oinez mahastiak eta olibo ondoak ikusiz. Eguerdian, herri bazkaria izan zuten “Buffet” eran, “herritarrek eramandako jaki ezberdinak probatzeko”. Arratsaldean hainbat aukera izan zituzten: herriko futbol taldearen partidua ikusi, haurren mozorro festan parte hartu edo mendi buelta egin. Gauean afaria egin zuten Pantomata eta Butifarrarekin, cavaz lagunduta. Afalondoren, Cistellako herritarrei Zeraindik eramandako oroigarriak eman zizkien.
Igandean, Gralles y gegantes-ekin dantza egin eta ehiztarien elkarteko bazkarian Calcota-k jan zituzten. Bazkal aurretik ali-oli lehiaketa egin zuten zeraindarren eta cistellarren artean osatutako taldeetan. Zeraingo Jon Etxeberria izan zen irabazle, cistellar bikotearekin batera. Igandeko afariaren aurretik herriko plaza berri bati Zerain izena jartzeko inaugurazio festa egin zuten.
Atzo, azkenik, herriko eskola bisitatu zuten alkatearen eta hainbat herritarren laguntzarekin: “Haurrek eskola erakutsi ziguten eta bertako oiloen arrautzak eman zizkiguten opari. 3 eta 12 urte bitarteko 13 haur dabiltza eskolan”.