Udaberriko lorez eta landarez jantziko da igandean Segura
Aparkalekuan 18 lore eta landare postu jarriko dituzte. Plazan, berriz, 26 artisau eta Euskal Herriko ekoizle egongo dira. Astelehenean hasiko da Iparra-Hegoa
Egun bete-beteak datoz Seguran: igandean Udaberriko XIX. Lore eta Landare azoka eta Iparra-Hegoaren Euskal Herriko ekoizleen azoka egingo da 10:00etatik 15:00etara bitartean, eta astelehenetik aurrera, XXIV. Iparra-Hegoa kultur ekitaldia.
Lore azokako hemezortzi postuak aparkalekuan kokatuko dituzte. Goierriko lau postu izango dira: Segurako Jose Mª Setien, Legazpiko Lorearteko, Aramako Haritz Urretabizkaia eta Zaldibiako Iñaki Azanza. 10:30etik 14:00etara, Josu Osak Txerto ezberdinak fruitarboletan saioa egingo du.
Artisauen eta Euskal Herriko ekoizleen postuak, berriz, herriko plazan jarriko dituzte. Hamar artisauek pilotak, arropa, erratzak, zapatak, sendabelarrak, produktu naturalak, pixoihalak, eskulanak eta buruhandiak erakutsi eta salduko dituzte. Artisaurik gehienak goierritarrak dira: Ataungo Sandra Madutxa (arropa) eta Hazi eta Hezi (arropa, pixoihalak..), Zumarragako Fermin Goenaga (sendabelarrak), Idiazabalgo Maider Lakarra (produktu naturalak), eta Segurako Maria Jose Azpiazu (eskulanak), Izaskun Agirre (eskulanak) eta Ainara Goenaga (buruhandiak).
Euskal Herriko ekoizleei dagokienean, jangai ugariren plaza izango da igandean Segurako plaza: eztia, gazta, taloak, pasta, gozoak, lekaleka, ogia, barazkiak, ardoa, ekologikoak, mermeladak, haragia, behi gazta, karakolak… Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ekoizleak dira guztiak. Tartean izango dira goierritarrak ere: Eugenio Elortza (eztia), Ondarre (gazta), Segurako talogileak, Julki (Segurako tarta eta gozoak), Juanita Murgiondo (ogia eta barazkiak), Goieko haragia, Gorbea karakolak eta Behieko gazta.
Herriko trikitilariek eta txistulariek alaituko dute giroa
Gaur hitzaldia
Igandeko azokaren aurretik, ordea, gaur, Etorkizuneko basoak hitzaldia egingo dute Iñaki Aizpuruk eta Aitziber Sarobek, 18:30ean kultur etxean.