'Artepea denon aterpe', Zeraingo etorkizuna eraikitzeko promosamena
Zeraingo funtzionamenduaren, antolamenduaren eta gobernantzaren inguruko proposamena aurkeztu du herritar talde batek azken urteetan Zerainen bizi duten gatazka egoerari aurre egiteko.
Zeraingo plazako artea herriko erdigunea eta sinboloa da: bertan antolatu dituzte hainbat urtean bilerak eta festak, esaterako. Arte horren aterpean aurkeztu du gaur herritar talde batek Zeraingo funtzionamenduaren, antolamenduaren eta gobernantzaren inguruko proposamena. ‘Artepea denon aterpe’ izena jarri diote 12:00etan ekin duten prentsaurrekoari. Aurkeztu duten proposamenaren helburua, herriko gatazka egoerari buelta ematea da. Hamaiketakoa egin dute prentsaurrekoa amaitu ostean.
Azken urteetan Zerainen izan duten herri kudeaketa sistemak tentsioa eta zatiketa sortu du herritarren artean. Hori dela eta, zeraindar guztiek lekua izatea jomuga duen funtzionamendu sistema egituratu du herritar talde batek. Sistema horrek, herri gobernantza demokratikoa, parte hartzailea, eta inklusiboa bermatu nahi ditu.
Proposamenaren ardatzean dago herritarrek maila berean izatea erabakitzeko eskubidea, ardura eta boterea. Herritarren parte hartzea bultzatzeaz gain, zeraindar guztiek leku bera izango duten sistema osatu nahi dute.