Herri bilera, organo gorena
Zeraingo herritar talde batek 'Zeraingo gobernantza sistemaren proposamena' aurkeztu du, «azken urteotako zatiketa, gatazka eta blokeo egoera» gainditzeko
Zeraingo herritar talde batek Artepea denon aterpea dokumentua aurkeztu zuen igande eguerdian, herriko plazan dagoen eta herriko sinboloa den artearen azpian. Azken urteotan «herrian bizitako zatiketa, gatazka eta blokeo egoera» gainditu nahi dute: «Gauza bat argi daukagu: zulo honetatik irten nahi dugu zeraindar gehienok». Honela, «herri proiektu bateratu bat egiteko bide bakarra demokrazian sakontzea» dela uste dute. Horretarako, «herritar guztiak ardura eta eskubide berberetan jartzen duen demokrazia zuzeneko eredua» proposatzen dute herriko funtzionamendu eta gobernantza eredutzat, «parte hartzailea eta inklusiboa».
Zeraingo gobernantza sistemaren proposamenaren egileetako bat den Ainara Etxenausiaren esanetan, «herritarrei ematen diegu protagonismo guztia. Udal talde batek egon beharra dauka, baina boterez hustu nahi dugu udala, eta herritarrak ahaldundu nahi ditugu erabakiak hartzeko garaian. Zinegotzi batek, alkateak edo herritar batek erabakiak hartzeko ahalmen berdina izango du».
Honela, herri bilera izango da zeraindarren botere organo gorena. «Herri bilera da herriko gaiei buruz eztabaidatzeko eta erabakitzeko herritar guztiek duten organo nagusia. Herri bileraren eskumenak izango dira herriak nola funtzionatu behar duen herriak erabakitzea, erabakiak nola hartu behar diren erabakitzea eta gatazkaren bat baldin badago, eztabaidaren bitartez irtenbideak bilatzea».
Udalak eginkizun administratiboa izango du eta «legeak ezarritako eskumen eta mugen barruan, herritar soberanoek erabakitakoa kudeatzeko herrita- rren tresna da. Udalaren erabakitzeko eskubidea herritarren eta herri bileraren menpe daude». Alderdi politikorik gabeko udal taldea proposatzen dute, «zuzenean aukeratzeko sistemarekin antolatua, zerrenda bakarra».
Proposamena lantzen jarraitzeko beste bilera bat egingo dute datozen egunetan, eta hurrengo agintaldian martxan jarri nahiko lukete funtzionamendu berria.
Gobernantza sistema
· Erabakitzeko eskubidea, ardura eta boterea herritar guztiek maila berean dute eta herritarrek dute azken hitza beti herriko erabakietan. Herritarren parte hartzea ezinbesteko bihurtzen duen eredua da. Adostasuna lehenetsiko da gune guztietan.
Funtzionamendua
· Udala. Zerbitzu publikoen, azpiegituren eta adminstrazioaren arduraduna da, «herrigintzako tresna nagusia da eta herritarrek erabakitakoaren menpekoa».
· Batzordeak. Herritar guztientzat irekiak dira, edukiak landu, erabaki eta aurrera eramateko gunea. Adostasunik ezean goragoko organora –herri bilerara– eramango litzateke gaia. Aztertutako gaiak aurrekontuaren %10 edo bi uteko eragina badu, herri bilerara eramango da. Batzorde bakoitzaren barruan lan taldeak sor daitezke.
· Herri bilera. Organo gorena. Herri bileran adostasunik ezean, herena nahikoa da galdeketa eskatzeko. Herri bileraren eskubidea da herri galdeketa deitzea.
· Herri galdeketa. Galdeketa loteslea izango da.